Eraikuntza 2025eko udan hasiko da, udalerriko eta ikastetxeko kirol-beharrei erantzuteko.
Atzo arratsaldean prentsaurrekoa egin zen Urretxuko udaletxean, Aldiribi kiroldegi berriaren proiektuaren berri emateko. Funtsezko azpiegitura da, eta 2025eko udan hasiko dira eraikitzen. Aurkezpenean parte hartu zuten Jon Luqui Urretxuko alkateak, Igor Zubillaga Hirigintza zinegotziak, Alex González zinegotziak, Iñaki Mendizabal udal arkitektoak eta Markel Garralda Urretxu Zumarraga Ikastolako zuzendariak.
Aldiribi kiroldegia azken urteotan hautemandako funtsezko bi beharri erantzuteko sortu da: alde batetik, egungo udal kirol-instalazioak ez dira nahikoak herritarren, kirol-kluben zein partikularren, eskaera gero eta handiagoari erantzuteko; eta, bestetik, UZ Ikastolak kirol-instalazio zaharkituak berritzeko premia larria du, dagoeneko ikasleen hezkuntza-beharrak betetzen ez dituztenak.
Lankidetza-prozesu luzea
2020an, pandemia betean, argi geratu zen udalerrian ez zegoela kirol-espazio egokirik. Aldi berean, Ikastolak bere arazoa helarazi zion Udalari: egoera txarrean zeuden instalazioak ez ziren nahikoak gorputz-hezkuntzako eskoletarako eta gainerako eskola-jardueretarako.
Bi erakundeen bat datozela ikusita, 2021ean bi aldeen arteko elkarrizketak hasi ziren irtenbide bateratu bat bilatzeko. 2022ko azaroan udalbatzak lankidetza-hitzarmenaren lehen bertsio bat onartu zuen eta 2023an behin betikoa. Hitzarmen horren arabera, Ikastolak 5.520,72 metro koadroko lursaila lagatzen dio Udalari euro bateko prezio sinbolikoagatik. Trukean, Udalak bere gain hartuko du proiektua eta azterlan geoteknikoa idaztearen kostua, guztira 135.euro.
Proiektu modernoa eta herritar guztientzako irisgarria
KREAN Group kooperatibak diseinatutako proiektuaren arabera, kirol-kantxak, 110 metro koadro baino gehiagoko hiru jarduera-gela, 165 metro koadro baino gehiagoko gela gehigarri bat eta aldagela berriak eraikiko dira; aldagela horietako batek Pagoetako udal-igerilekuetarako sarbide zuzena izango du. Zuzeneko sarbide horrek herritarren eskaera historiko bati erantzuten dio: igerilekuetako aldagelak eguneratu eta hobetu beharra, haien funtzionaltasuna eta erosotasuna hobetuz.
Instalazioaren kokalekuak, Pagoeta auzoan, egungo kirol-erabilerak proiektatutako espazio berriekin bateragarri egitea ahalbidetuko du. Izan ere, kiroldegi berria Ikastolako ikasleek erabili ahal izango dute eskola orduetan eta gainerako herritarrei ere zerbitzua emango die. Hala, azpiegiturak bikoiztea saihestuko da, udal-baliabideen erabilera eraginkor eta egoki batekin.
UZ ikastolarekin konpromisoa, obrek diratuen bitartean
Kiroldegi berria eraikitzeko Ikastolako egungo bi frontoiak eta gimnasioa eraitsi beharko dira, dagoeneko ikasleentzat egokiak ez direnak. Obrak egiten diren bitartean, Udalak baimena eman dio Ikastolari Pasiotarren Eliza zaharra, udal kiroldegia eta Ederrena pilotalekua erabiltzeko, eta, horrela, eskola-jardueren jarraipena bermatuko du.
Jon Luqui Urretxuko alkateak prentsaurrekoan nabarmendu duenez, "proiektu honek garbi uzten du erakundeen arteko lankidetzak konponbide eraginkorrak eta iraunkorrak ekar ditzakeela. Urretxuri instalazio moderno eta irisgarriak emango dizkiogu, dauden baliabideak optimizatzen ditugun bitartean ".
Bestalde, Markel Garraldak, Ikastolako zuzendariak, akordio honek hezkuntza komunitatearentzat duen garrantzia azpimarratu du: "Instalazio berri hauek, gorputz hezkuntzaren kalitatea hobetzeaz gain, udalerriko gizarte ingurunearekin integrazio handiagoa ahalbidetuko dute." Eta gaineratu duenez, "proiektu honek erakundeen arteko lankidetza eta ikastolaren eta udalerriaren arteko harremana estutuko du, gainera, gure hezkuntza-eredu berritzailearekin osatzeko pieza ezin egokiagoa da kiroldegi berria”:
Urretxun kirola sustatzen da
Horrela, Urretxuko Udalak kirolaren sustapenarekin eta udal azpiegituren hobekuntzarekin duen konpromisoa indartzen du. Aldiribi kiroldegia eraikita, udalerriak aurrerapauso bat eman du egungo eta etorkizuneko kirol-eskaerei erantzuteko, herritar guztien parte-hartze aktiboa sustatzen duen ingurune batean.