Ikasturte berri honetan klaseak 7:00etan hasiko dira eta ikastaro berriak eskainiko dira: aire zabaleko running-a, luzaketak, core/HIIT edo ordu erdiko klaseak.
Urretxuko Udalak abuztua aprobetxatu du kiroldegiko areto guztietan klimatizazio-sistemak instalatzen amaitzeko, eta, horrela, 2021ean hasitako energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna lortzeko berrikuntza-prozesua amaitu du. Prozesua gasoliozko berokuntza-sistemaren aldaketarekin hasi zen.
Berrikuntzak eta hobekuntzak, ordea, ez dira materialak bakarrik izango. Izan ere, 2022-2023 ikasturte berriari begira, Aldiri kiroldegiak, aipatutako klimatizazio lanez eta fitness aretorako material eta makina berrien erosketaz gain, kirol eskaintza berritu eta zabalagoa eskainiko du.
Abuztuaren 22tik irekita dauden fitness gelari, saunari eta kantxari mantentze-gimnasia, Total Training, Ciclopower, TRX, Power GAP, Spin-TRX eta Zumba ikastaroak gehitu zitzaizkion irailaren 7an.
10 egun beranduago, irailaren 22an, Santa Anastasia jaien ostean, hasiera emango zaio, ofizialki, kirol ikastaroari. Ikastaroen lehen atalean, "Sasoian" izenekoan, mantenimenduko gimnasia, hirugarren adineko gimnasia, Ttipi Etapa programa eta Kirol Orientazio Zerbitzua (doakoak azken biak) mantentzen dira. Alabaina, bi klase berri izango ditu: erlaxazio- eta luzatze-ikastaroak, ordu erdikoak, beste edozein jarduera edo kirolekin bateragarriak direnak, eta running ikastaroak, aire zabaleko irteerak, monitore batekin teknika eta emaitzak hobetzeko eta beste pertsona batzuekin batera korrika egiteko.
"Orekatu" atalean Pilates klaseak eskainiko dira berriro, zeinak urtez urte arrakasta handia izaten jarraitzen baitutute, 60 urtetik gorako pertsonentzat bereziki egokituta dauden «Pilates +60» izenekoak eta "Core ariketak" ikastaroa, intentsitate handixeagoa nahi duten pertsonentzat.
“Gogotsu” atalean sartu ditugu klaserik aktiboenak, kardioa eta tonifikazio-ariketak konbinatzen dituztenak: Total training, berrikuntza gisa 7: 00etan eskainiko dena; Cycling, bizikleta maite dutenentzat; Ciclopower, bizikletaz gain tonifikazio-ariketak egin nahi dituztenentzat; Zumba Fitness, erritmoa eta dantza gustuko dituztenentzat; Power GAP, TRX eta iazko berrikuntza ngusia: Ciclo-TRX konbinazioa. Atal honetan, nobedadea Core/HIIT klaseak izango dira, 7: 30ean eskainiko direnak, ordu erdiko iraupenekoak, eguna energiarekin hasi nahi dutenentzat edo beste klase batekin edo bestelako ariketekin konbinatu nahi dutenentzat.
Azken blokea ere, gazteenei zuzendutakoa, zabaldu egingo da ikasturte honetan. Izan ere, gimnasia erritmikoko klaseak mantenduko dira, adin eta maila desberdinetarako, Multikirola aukera udarako, baina Gaztefit gehituko da, astegunetan gazteei zuzendutako kirol-askotariko jarduera.
Ordutegiei, egutegiari, prezioei eta abarri buruzko xehetasunak ondoko dokumentuan eta postontzi guztietara iritsiko diren triptikoetan aurki ditzakezue. Hala ere, norbaitek zalantzaren bat badu edo zuzenean ikastaroren batean izena eman nahi badu, Aldiri Kiroldegira joan daiteke edo 943 038 092 telefonora deitu.
Triptico Urretxu 2022-2023.pdf
Popular 1.59 MB |
07/09/2022 13:41:30 |