Ekainaren amaieran hasiko da Urretxun Gipuzkoako Saskibaloi Federazioaren campusa.
Atzo, Jon Txakartegi, Gipuzkoako Saskibaloi Federazioko koordinatzailea, Jon Luqui, herriko alkatea eta Itziar Martin, Goierri K.E-ko idazkaria elkartu ziren Urretxuko Udaletxean, ekainaren 27tik uztailaren 8ra bitartean udalerrian egingo den Saskibaloi Campusa aurkezteko.
Iazko arrakasta ikusita, 2021ean lehenengoz antolatu baitzen campusa Urretxun, aurten Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak plana errepikatzea erabaki du. Izan ere, Federazioko koordinatzaileak adierazi zuen bezala, “Urretxuk kirol-jarduerarako instalazio egokiak izateaz gain (Aldiri gehienbat), aterpetxea eskaintzen digu, paraje berezi batean, hirigunetik urrun, non gazteek naturarekin kontaktuan egoteko aukera duten. Hori Goierri K.E.-k urtez urte egiten duen lan handiari zor zaio, hein handi batean, eta ekimen honetan ere paper garrantzitsua izan du.
Campusa ekainaren 27an hasiko da, eta bi txanda izango ditu. Lehena, uztailaren 27tik 1era, eta bigarrena 4tik 8ra.
Uztailean Aldiritik igaroko diren hirurogeita hamar gazteek beren teknika, taktika indibiduala eta kolektiboa, hobetzen ikasiko dute, baina ez hori bakarrik; lankidetza eta talde-lanerako aukera izango dute, eta bertan ikasiko dituzten ohitura eta balio egokiak praktikan jartzekoa. Kirol arlotik haratago doan ikaskuntza da, neska-mutilei lagun berriak ezagutzeko eta esperientzia berriak bizitzeko aukera eskainiz, betiere saskibaloia ardatz hartuta.Goizero autobusez joango dira Aldirira, eta bertan bi orduz entrenatuko dute, tituludun entrenatzaileekin eta horrelako jardueretan esperientzia dutenekin. Gainera, begirale bat izango dute 6 parte-hartzaileko.Eguerdian Santa Barbarara itzuliko dira bazkaltzeko, eta 16:30ean Aldirin entrenatuko dute berriro, 18:30ak arte.
Aisialdirako denbora ere izango dute: aire zabaleko igerilekuak, jolasak Sta. Barbarako zelaian, etab. Gainera, gogoratu nahi dute, Euskara ere protagonista dela, bai campusaren bai federazioaren beraren zeharkako ardatzetako bat baita.
Ekitaldi berean, alkateak eta Federazioko ordezkariak akordio bat sinatu dute bi erakundeen arteko harremana eta horien konpromisoa sendotzeko.
Ekainaren 27tik aurrera, beraz, Urretxura joango da Gipuzkoako saskibaloia.