Ekainaren 28an irekiko dira Pagoeta Udal Igerilekuak eta abuztuaren 29an itxi.
Aurten ere, iazko moduan, COVID-19ak eragindako osasun krisiak eta jarraitu beharreko protokoloek, igerilekuak beranduago irekitzea ekarri du. Izan ere, ohiko moduan, instalazioak txukuntzeaz gain (belarra moztu, uraren garbiketa eta klorazio sistemak egokitzea….), aforoen kontrolerako sistemak ezarri behar izan dira berriro ere, aplikazioa eguneratu, kontingentzia plana moldatu, garbiketa neurriak zorroztu eta hirukoiztu,…
Edukieraren %50ekin irekiko dira igerilekuak, ohiko ordutegian, 11:00tik a 20:00ra.
Pagoetako Igerilekuko berdeguneak 1.685 pertsonako gehieneko edukiera du, eta edukiera horri %50a aplikatuta, une berean 842 pertsona egon ahal izango dira bertan. Hori horrela izanda, hasiera batean ez da txanda edo hitzordurik eskatuko, ohiko sarrera eta abonu sistema erabiliko delarik.
Instalazioan maskara eraman beharko da uneoro, berdegunean etzanda eta geldirik egoteko edo uretara joateko ez bada. Aldagelak zabalik egongo dira eta dutxak ere erabilgarri. Zelaian, gainera, segurtasun distantzia mantendu beharko da, metro t’erdiko distantzia; horretarako, Udalak zelaian partzelak markatuko ditu, erabiltzaileei lagungarri izango zaizkienak.
Uretako aforoa ere %50 izango da, horrek esan nahi du 595m²ko baso handian 148 pertsona sartzen direla eta txikian, berriz, 25. Igerileku txikiaren aforoa sorosleek kontrolatuko dute, baina igerileku handiaren aforoa neurtzeko kontrol-sistema bat ezarri behar izan da, igerilekura sartzen direnak eta bertatik irteten direnak kontatzen dituena. Baimendutako jende kopurua gehiengora heltzen denean ez dio beste inori sartzen utziko, harik eta norbait irten arte. Gainera, aurten ezingo da ur-ertzean jarrita egon, aukera bakarrak ura edo berdegunea izango dira.
Sarreren inguruan, lau aukera egongo dira:
- Urteko kirol txartela, Aldirira eta igerilekura sartzeko.
- Igerilekuko bonua
- 10 sarrerako txartela
- Eguneko sarrera, igerilekuan edo webgunean erosi ahal izango dena.