Urretxuko Udalak webgune bat jarri du martxan Pagoetako udal igerilekuetako sarrerak errazago erosteko, eta, era berean, igerilekuaren edukiera kontrolatzeko.
Pagoeta udal igerilekuak ekainaren 29an ireki zituzten, segurtasun neurri zorrotzekin, koronabirusaren kutsadura ekiditeko.
Denboraldi honetan ezarri diren neurrien artean, honako hauek aipa daitezke: igerilekuak eta instalazioak garbitu eta desinfektatzea, egunean hiru aldiz, edukiera kontrolatzeko kamerak instalatzea, bai uretan, bai igerilekuen esparru osoan; eta azkena, uztailaren 16tik aurrera erabilgarri egongo dena: webgune berri bat, QR kode baten bidez sarrerak erosi ahal izateko, eta, horrela, igerilekura sar daitekeen pertsona kopurua kontrolatzeko.
NOLA FUNTZIONATZEN DU?
Igerilekuetara joan nahi duen edonork www.pagoeta.urretxu.eus webgunean sartu ahal izango du, eta sarrera erosi nahi duen eguna aukeratu. Sarrera mota hautatu ondoren (helduak, adingabeak,...) eta NANarekin balioztatu ondoren, sistemak ordainketa-pasabidera bidaliko zaitu, dagokion izapidea egin dezazun. Abonatutako pertsonen kasuan, webguneak sarrerako QR kode bat sortuko du instalazioetara sartzeko, inolako ordainketarekin lotutako beste izapiderik egin beharrik gabe, abonatuek QR kodea balidatu ahal izango baitute, baita kirol-txartelen ohiko kontrol-sistemarekin ordaindu ere..
Web orrialdean bertan sarrerak saltzeko baldintzak egiaztatu ahal izango dira, besteak beste, honako hau zehazten duena: "Udalak beretzat gordetzen du ausazko kontrolak egiteko eskubidea, eskuratutako sarrera erabiltzailearen ezaugarriekin bat datorrela egiaztatzeko".
Tiketa erosi ondoren, erosleak mezu elektroniko bat jasoko du sortutako QR kodearekin, udal-instalazioetan sartzeko balioko diona. Horrela, behin igerilekuetako sarbidera iritsita, kode hori eskaneatu eta automatikoki sartu ahal izango da igerilekuetara.
Aplikazio honen helburua hirukoitza da. Alde batetik, erosketa-prozesua erraztu eta arindu nahi da, erosketa erraza eta azkarra izan dadin. Bestetik, instalazioen sarreran pilaketak saihestea; izan ere, pertsona bakoitza bere QR kodearekin joaten bada eta bertara zuzenean sartzen bada, ez da ilararik sortuko sarrerak erosteko. Amaitzeko, sistema berriak edukiera mugatzeko balioko du; izan ere, lanaldia bi zatitan banatzeko aukera ematen du: goizeko txandan 1011 plaza erosi edo erreserbatzeko aukera emanez, eta arratsaldeko txandan beste 1011 leku.