Datorren astelehenean, ekainaren 28an, irekiko dira Pagoeta Udal Igerilekuak.
Aurten, bigarren urtez jarraian, COVID-19ak eragindako osasun krisiak igerilekuak beranduago irekitzea ekarri du, instalazioak txukuntzeaz gain garbiketa eta desinfekzio lanak hirukoiztu behar direlako, aforoen kontrolerako sistemak eguneratu, kontingentzia plana garatu, protokoloak berritu, etab.
Gehienezko %50ekin irekiko dira igerilekuak, ohiko ordutegian, 11:00tik a 20:00ra.
Pagoetako Igerilekuek, berdeguneak, 1.685 pertsonako edukiera du, eta edukiera horri %60 aplikatuta une berean 843 pertsona egon ahal izango dira bertan. Hori horrela izanda, hasiera batean ez da txanda edo hitzordurik eskatuko, ohiko sarrera eta abonu sistema erabiliko delarik.
Instalazioan sartzean, hori bai, eskuak garbitu eta maskara eraman beharko da uneoro, tokian geldik egoteko, edo uretara joateko ez bada. Aldagelak zabalik egongo diren arren, gehiengo edukiera %30era murriztuko da, beraz, erabiltzaileei etxetik aldatuta etortzea gomendatzen zaie. Zelaian, gainera, segurtasun distantzia mantendu beharko da, metro t’erdiko distantzia pertsonen edota bizikidetza unitateen artean.
Uretako aforoa ere %50 izango da, horrek esan nahi du 595m²ko baso handian 107 pertsona sartzen direla, eta txikian berriz 15. Igerileku txikiaren aforoa sorosleek kontrolatuko dute, baina igerileku handiaren aforoa neurtzeko kontrol-sistema bat ezarri behar izan da igerilekura sartzen direnak eta bertatik irteten direnak kontatzen dituena. Baimendutako jende kopurua gehiengora heltzen denean ez dio beste inori sartzen utziko, harik eta norbait irten arte. Gainera, aurten ezingo da ur-ertzean jarrita egon, aukera bakarrak ura edo berdegunea izango dira.
Amaitzeko, eta iaz gertatu zen moduan, erabiltzaileek beren tiketa aurretiaz erosteko aukera izango dute web orrialdean; hala sarrerako pilaketak ekidingo dituzte.