Urretxuko kirol instalazioek badute berriro irekitzeko data.
Kiroldegia
Aldiri kiroldegia ekainaren 18an irekiko da, bazkideentzat bakarrik, eta erabilera COVID-19k sortutako egoera berrira egokituta egongo da.
Udalak, kiroldegia kudeatzen duen enpresaren laguntzarekin, Kontingentzia Plan bat garatu du langileen zein kirol azpiegituraren erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.
Irekiera mailakatua izango da. Lehen fase horretan gimnasioa irekiko da, eta hemendik aurrera bi espaziotan banatuko da, segurtasun-distantziak gordez makina guztien erabilera mantendu ahal izateko: goiko solairuan muskulazio-makinak eta materiala egongo dira, hala nola pisuak, barrak eta abar, baita makina elektrikoak ere, hala nola korrika egiteko zintak eta eliptikoak. Kantxaren zati bat bizikleta estatikoek hartuko dute.
Gimnasioan sartzeko, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da, eta gehienez ere ordu eta hogei minutuz egon ahal izango da bertan.
EGONGO DIREN TXANDAK:
8.00 - 9.20 | |
9.30 - 10.50 | |
11.00 - 12.20 | |
12.30 - 13.50 | |
14.00 - 16.00 | GARBIKETA EGITEKO ITXITA |
16.00 - 17.20 | |
17.30 - 18.50 | |
19.00 - 20.20 | |
20.30 - 21.45 |
Uztailaren 6an hasiko dira ikastaroak eta horien edukiera eta funtzionatzeko modua ere COVID-19ren eraginpean egongo dira, baina Aldiriko bazkideei egindako galdeketaren eta egindako ikastaro-eskaintzaren onarpenaren ondoren, Udalak ez du zalantzarik izan erabaki hori hartzeko. Cycling, pilates, TRX, Power GAP, Zuma eta Spinning Power eskolekin hasiko dira
Hemendik aurrera, erabiltzaile bakoitzak kiroldegira joan beharko du bere esterilarekin, Aldirin segurtasun eta higiene arrazoiengatik zeudenak kendu egin baitira, baita eskuoihala ere, eta makina bakoitza garbitu beharko du erabili ondoren. Kiroldegira maskara jantzita sartuko da, kirola egiten hasi arte, orduan kendu ahal izango baita.
Ederrena
Ederrena pilotalekuak ekainaren 18an irekiko ditu ateak eta sistema berri bat erabiliko du: txartelen bidezko kontrola.
Instalazioa profesionalen entrenamenduetarako eta kantxako alokairuetarako bakarrik irekiko da.
Alokatu nahi dutenek kiroldegian eskatu beharko dute, eta bertan frontoira sartzeko txartela emango diete, ordu eta erdirako.
Praktika amaitzean, txartela frontoian bertan dagoen postontzi batean utziko dute.
Sistema horren bidez, alde batetik, erabiltzaileen segurtasuna bermatzen da, ez baitago kontaktu fisikorik haien artean, eta alokairuaren kudeaketa sinplifikatzen da, erosoagoa eta arinagoa izango baita langileentzat eta erabiltzaileentzat.
Pagoeta igerilekuak
Igerilekuak ekainaren 29tik abuztuaren 30era irekiko dira
Ez da erabaki erraza izan, protokoloak oso zorrotzak baitira aurten eta ziurgabetasun handia azken ordura arte, egin behar izan diren inbertsio eta egokitzapen guztiez gain, baina udalak hasieratik argi izan du igerilekua baliabide garrantzitsua dela Urretxu eta Zumarragako herritarrentzat, batez ere udan eskualdetik kanpo irten ezin dutenentzat.
Aurten, instalazioek edukierak kontrolatzeko sistema integral bat izango dute, bai ontziarena, bai solariumarena, eta beharrezkoa izango da pertsonen arteko distantziak mantentzea eta maskara eraikinaren barruan eramatea. Gainera, garbiketa-zerbitzua indartuko da, bai igerilekuan, bai gainerako instalazioetan, eta, oraingoz, aldagela eta iturri guztiak itxita egongo dira. Neurri horiekin guztiekin egungo araudiak ezartzen dizkigun baldintzak beteko dira.