Atzo, Otsailak 7, Goierri Saskibaloi taldeak bere 50.urteurrena ospatzeko prestatu duen egitaraua aurkeztu zuen Urretxuko udaletxean
1969ko urriaren 12an jokatu zuen lehen saskibaloi partida Goierri Kirol Elkarteak. Junior kategorian jokatu zuen, Jose Luis Esnal entrenatzaile zuela, eta Jesus Maria Mendiaraz presidente.
Egun hartatik 50 urte igaro dira, Goierri hazten eta aldatzen ikusi duten 50 urte, egungo Goierri izatera iritsi arte: zazpi neska talde eta ebderatzi mutil taldeko kluba izatera iritsi arte. Zaila da urte eta denboraldi guzti hauetan bat aukeratzea, asko baitaude: 1971/72an kategoria nazionalean lehiatu zirenekoa, 2012/13 an lehenengoz EBA ligan jokatu zutenekoa… baina aipamen berezirik egitekotan 2001/02koari egingo genioke; neska taldeek lehen aldiz jokatu zutenekoa, klubarentzat aldaketa handia izan zen.
Urteurren hau urretxuar guztiekin ospatu eta partekatu nahi du Goierrik, eta horretarako hainbat ekintza eta jardunaldi antolatu ditu, atzo Urretxuko udaletxean aurkeztu zituenak:
- Martxoak 15: Argazki erakusketa irekiko dute.
- Apirilak 5: Juanma Lopez Iturriaga eta Juan Antonio San Epifanio saskibaloi jokalari ohiekin solasaldia.
- Apirilak 6: Goierri-Ordizia derbia.
- Maiatzak 1: Urte luzetan Real Madrileko bigarren entrenatzailea izan den Angel Jareñoren ikastaroa.
- Maiatzak 11: Goierrik lagunarteko partida jokatuko du goi mailako talde baten aurka.
- Maiatzean (eguna zehaztu gabe dago): Amaia Valdemoro saskibaloi jokalari ohiaren hitzaldia.
- Ekainak 14 eta 15: 3×3 saskibaloi txapelketa.
- Ekainaren 17tik 21era: jokalari beteranoen txapelketa, Aldiri kiroldegia ireki zen arte Gernikako Arbola plazan antolatzen zirenak gogoratzeko.
- Irailak 14: FIBA2K19 txapelketa, Euskal Encounter-en eskutik.
- Urriak 12: taldearen historia jasotzen duen liburuaren aurkezpena eta bazkaria.
- Abenduak 6-8: erkidegoetako kadete eta haur mailako selekzioen txapelketa.