Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 5.281,95 euroko dirulaguntza eman du Kalerrota ingurua berrurbanizatzeko obraren ingurumen-jarraipenerako, eta 32.129 eurokoa "Irimo mendiko lurrak basoberritzeko" proiekturako.
Kalerrotako aparkalekua berrurbanizatzeko obraren ingurumen-jarraipenari dagokionez, nabarmendu behar da berrurbanizazio hori egin zen eremua Kutsatuta egon daitezkeen lekuen inbentarioan jasota dagoela, garai batean jarduera potentzialki kutsatzaileren bat egon zelako bertan. Horrelako lurzoruetan, obraren ingurumen-jarraipena egin behar da, lurzoruak behar bezala kudeatzen direla bermatzeko, bai soberan dauden materialak, bai eta bertan geratzen diren lurrak.
Obren jarraipena 2023ko bigarren seihilekoan egin zen, akreditatutako Dinam enpresarekin, eta kostua 6.537,75 eurokoa izan zen guztira.
Irimo mendiko lurrak basoberritzeko proiektuari dagokionez, nabarmentzekoa da 2018an hasitako irimo mendiko biodibertsitatea hobetzeko proiektuari jarraipena ematen diola proiektuak. Urretxuko Udalak hainbat baso-partzela erosi ditu Irimo mendian, pinudiak moztu ondoren soilduta geratu direnak. Beraz, proiektu honetan lurzati horien baso-landaketa aurrikusten zen, bai eta Basoak Kudeatzeko Plan baten lanketa ere. Plan horretan, lur sail publikoetan egin beharreko jarduketak jasotzen dira hain zuzen ere, lursail horiek bertako baso mistoetara leheneratzeko ekintzak eta baso horien kontserbazioa lehenesteko jarduerak jasoko dira. Proiektuan jasotako jarduerak 2024an eta 2025ean gauzatuko dira.