Hondakinen prebentzioari buruzko astearen helburua Europa mailan hondakinen prebentzioari buruzko sentsibilizazio-ekintzak aste berean antolatzea da. Aurten azaroaren 20tik 28ra ospatuko da astea eta Urretxuko Udalak aste honekin bat eginez hondakinen hiztegiaren 400 ale berrargitaratu ditu.
Gida honen bidez, hondakin bakoitza nola kudeatu kontsulta daiteke, zaborra edukiontzi batean edo bestean kudeatzean sortzen diren eguneroko zalantzak argituz.
Gida doakoa da eta bizilagunentzat eskuragarri dago bai udaletxean eta baita kultur etxean ere.
Era berean, hainbat informazio-kartel jarri dira traste zaharren bilketaren inguruan, eta bertan zehazten da zer hondakin atera daitekeen, noiz eta non utzi behar den. Ildo horretatik, herritarrei dei egin egiten zaie adierazteko zein garrantzitsua den traste horiek ateratzeko egunak eta ordutegiak errespetatzea. Izan ere, gaizki ateraz gero egunetan egon daitezke hondakin horiek kalean jaso gabe, eta horrek arriskua sor dezake herritarrentzat, sortzen duten irudi txarraz gain.
Bestalde, Uggasarekin eta Urola Garaiko gainerako udalekin batera, Photocall batean oinarritutako kale-ekintza bat antolatu zen azaroaren 27rako. Hala ere, oso eguraldi txarra aurreikusita dagoenez, emanaldia atzeratzea erabaki da.