Urretxuko Udalak, Zumarragako Udalarekin elkarlanean, Urola ibaia garbitu du, Ertzaintzaren estalduratik hasi eta Zumarragako Etxeberri auzoraino. Horretarako, Eulen enpresa kontratatu du, eta bi aste behar izan dituzte ibaiaren zati hori erabat garbitzeko. Guztira 612 kg hondakin atera dira eta Urretxuko Garbigunera eraman dira.
Iaz, Ertzaintzaren estalduraren irteeratik hasi eta San Martinen arteko tartea soilik garbitu zen, eta 700 kg hondakin atera ziren. Aurten jarduera-eremu handiagoa hartu da, eta bildutako hondakinen kopurua txikiagoa izan da, nahiz eta gehiago kostatu den. Izan ere, hondakin gehienak tamaina txikikoak izan dira, hala nola komunetako toallatxoak, konpresak, plastiko txikiak, etab. Ildo horretan, nabarmendu behar da hondakinak behar bezala kudeatzeak duen garrantzia, bestela, hondakinek ekosistema ahulenetan amaitzen baitute, gure kasuan esaterako, Urola ibaian.