Urola Garaiko lau udalek eta UGGASAk “Apaindu zure bizikleta: politagoa, funtzionalagoa eta praktikoagoa bihur ezazu, zure beharretara eta gustuetara egokituz” kanpaina antolatuz egingo dute bat Europako Mugikortasunaren Astearekin.
Gipuzkoako Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuarekin lankidetzan antolatuko da eta eskualdeko kaleak hartuko dituen ekintza izango da. Irailaren 16an hasi eta hiru egunez egingo da Legazpin; hurrengo asteburuan Urretxun eta Zumarragan.
Aurten, irailaren 16tik 25era bitartean gauzatuko da Europako Mugikortasunaren Astea. Gaia «Mugikortasun jasangarria, osasungarria eta segurua» izango da, eta goiburua, «Zaindu osasuna, mugi zaitez modu jasangarrian». Urola Garaiak aspaldidanik egiten du bat Europa mailako ekimenarekin urte asko daramatza baita ere, bizikletaren erabilera bultzatzen. Hala nola, tailer mekanikoak, bizikletan ibiltzen ikasteko helduei zuzendutako ikastaroak edo bigarren eskuko azokak antolatzen nahiz jardunbide egokiak saritzen.
Aurten Urola Garaian gauzatuko den kanpainak bizikletaren estetikaren perspektibatik landuko du gaia, baita pertsona bakoitzaren beharrak asetzeko funtzionaltasunetik ere. Hala, bakoitzak bere bizikletari emango dion erabileratik abiatuta, bizikleta “kustomizatzea” proposatuko da. Erosketak edo beste objektu batzuk eramateko sistemak ezartzea proposatzen da: parrillan fruta-kaxaren edo eskulekuan edukiontzi gisa poltsaren bat edo motxilaren bat jarriz. Edo bizikletaren koadroa ere pertsonalizatu ahal izango da: norbere izenarekin edo irudiarekin koloretako pegatinak jarriz, adibidez. Ekintza gauzatzeko, elementu ezberdinez osatutako espazioa antolatuko da kalean, eta laguntza eskaintzeko pertsonak ere bertan egongo dira. “Zure bizikletarekin hurbil zaitezke, eta eman nahi diozun itxura berriaren zirriborroa paperean (bizikleten irudiak dituzten orriak) diseinatu ahal izango duzu. Diseinua sortu ondoren lanari ekiteko garaia izango da. Horretarako, askotariko materialak erabiliko dira (pintzak, koloretako kableak, plastikozko pelotatxoak, biniloak, koloretako paperak, zintak, zurezko saskiak, aerosolak, etab.). “Honek etxean ditugun materialak berrerabiltzeko aukera ere eman diezaguke” diote udal teknikariek. Horrez gain, aditu batek erabiliko duen plotter bat ere izango da, biniloan eranskailuak diseinatu eta bizikletan itsasteko. “Bizikleta pertsonalizatuak lor daitezke horrela eta pertsona bakoitzaren ikur bihur daiteke bizikleta. Animatu eta hurbildu bizikletarekin” gaineratu dute.
Kanpaina irailaren 16an hasiko da. Hiru egunez, 16an, 17an eta 18an, Legazpin eskainiko da bizikletak apaintzeko aukera. Osteguenan eta ostiralean arratsaldez, 17:00tik 19:30era, Euskal Herria Plazan lehenengo egunean eta Laubide kalean bigarrenean; eta goizez larunbatean, 11:00-14:00ra Euskal Herria plazan. Hurrengo asteburuan (irailak 24 eta 25) Urretxuko eta Zumarragako Areizaga Kalebarren plazan izango dute herritarrek beren bizikleta apaintzeko aukera. 17:00tik 19:30era ostiralean, eta goiz eta arratsaldez larunbatean, 11:00tik 14:00ra eta 17:00tik 20:00ra. Bestalde, bigarren ekintza bat ere jasoko du Urola Garaiko Mugikortasunaren asteak. UGGASAk eta eskualdeko udalek 24 minutuko publierrerreportaje bat sortu dute bizikleta konbentzional bat elektriko bihurtzeko gakoak zein diren azalduz. Izan ere mendiko, hiriko edo errepideko ia edozein ohiko bizikleta elektriko bihur daiteke. Bizikleta elektrikoak aukera ematen du gutxiago nekatuta distantzia luzeagoak egiteko eta aldapak edo maldak errazago igotzeko. Gure herrietako mendi, bide eta bidegorrietan geroz eta gehiago ikusten dira. Ohiko bizikleta bat elektriko bihurtzeko gakoak azaltzen dituen publierreportajea udalen eta UGGASAren webguneetan nahiz Urola Telebistan ikusi ahal izango da. Webguneetan noiznahi eta Urola Telebistan irailaren 16tik 25era egunero eguerdian eta gauean.