AZAROAREN 21etik 29ra, UROLA GARAIAN ETA EUROPA OSOAN, HONDAKINEN PREBENTZIORAKO ASTEA OSPATUKO DA.
Urola Garaia Garapen Jasangarria mahaiak bideratuko du, eskualdean, azaroaren 21etik 29ra gauzatuko den ekimena.
Ezkioko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udalek, UGGASAK eta UGLE Urola Garaiko Lanbide Eskolak osatzen dute Urola Garaia Garapen Jasangarria mahaia. Eskualdeko 8 ikastetxeak eta baita Ingurugela ere (Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman ingurumen hezkuntzako planak eta programak koordinatzen dituzte) eragile laguntzaileak dira. Urola Garaiko Garapen Jasangarria mahaiak, eskualdearen garapen ekonomikoa, garapen soziala eta ingurumenaren babesa modu orekatuan lortzea helburu hartuta, jarduerak eta jarraibideak planifikatzen, kudeatzen eta gauzatzen dihardu lanean, elkarlana sustatuz eta aliantzak sortuz. Tokiko Agenda eta Eskola Agenda 20-30, eta Urola Garaiko Energia Plana bultzatzen ditu, besteak beste.
Aurten ere, Europa mailako kanpainarekin bat eginez hondakinen prebentzioari eta kudeaketa jasangarriari buruzko ekintzak sustatuko ditu mahaiak.
Josune Makaia UGGASAko jasangarritasun teknikariaren hitzetan “Europa mailako kanpainak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea ditu oinarri eta gai anitz jorratzen ditu. Baina gurera ekarrita, eskualdean hondakinak murrizteari jarri nahi diogu azpimarra. Hondakinen prebentziorako lehen pausoa da, eta funtsezkoa iruditzen zaigu gai honi buruzko lanketa egiten jarraitzea”.
Izan ere, hurrenez hurren Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako udal teknikariak diren Inma Hernandezek, Amaia Lizarraldek eta Ainhoa Barbanchok azaldu dute, eskualdean hondakinen kopuruak gora egin duela azken urtean. “Badakigu egoera berezia bizi dugula, baina ezin dugu guardia jaitsi”. Aurten aste bakar batean, bataz beste Urola Garaian 141.939,51 kg hondakin sortzen da”.
Aste batean eskualdean sortzen den hondakin kopuruaren datu hori izango da kanpainari abiapuntua emango diona. Datu deigarria ezagutarazi nahi dute herritarrek beren ohiturei errepara diezaieten bultzatzeko eta jokaera aldaketak eragiteko. “Kontzientzia hartzea ezinbestekoa da aldaketak egiten hasteko” diote.
“Aldaketa horiek errazago eman daitezen erreferentziak sortzea da asmoa. Horregatik herritarrei dei egin nahi diegu hondakinak murrizteko dituzten ohiturak sareetan parteka ditzaten. Eredu ezberdinek “inspiratzeko” balio izatea bilatuko da” dio Makaiak.
Bizi dugun egoerak behartuta kanpaina digitala izango da aurtengoa eta udaletako eta UGGASAko webgune eta sareetan gauzatuko da.
NOLA HAR DAITEKE PARTE?
- Azaroaren 21ean hasi eta 29ra arte gure ohiturei errepara diezaiegun
- Hondakinak murriztea da helburua
- Ohitura jasangarriak sareetan parteka ditzagun, denon artean eskualdean ohitura jasangarriak eraikitzeko bidea eginez.
- Facebook bidez eta #ohiturajasangarriakurretxu erabiliz, ohitura jasangarrien argazki, bideo edo aholkuak argitaratu
- Kontzientziak astintzeko, astean zehar argitaratuko diren bideo eta aholkuei zabaldundea eman
Parte-hartzaileen artean, halaber, Bertatik Bertara egitasmoaren parte diren eskualdeko baserritarren produktuez osatutako 4 otar zozkatuko dira (herri bakoitzeko bat). Lehenengo 50 parte-hartzaileek, gainera, Bertatik Bertarako poltsa berrerabilgarria eskuratuko dute.