Urretxu eta Zumarragako Udalok Urola ibaia garbitu berri dugu hiri eremuan, Ertzaintzatik hasi eta San Martin zubiraino, hain zuzen ere. Aurten “Erreka Eguna” ospatzeko aukerarik izan ez dugunez, garbiketa-lan horiek egiteko Eulen S.A. enpresa kontratatu da, eta 5 egun behar izan ditu zati hori garbitzeko.
Guztira 106 zabor-poltsa atera dira, hondakin desberdinekin, bai ibaiertzetan bai ibaiaren ibilguan, baita tamaina handiko beste traste batzuk ere, hala nola koltxoiak, txapak, mahukak... Hondakin horiek behar bezala kudeatu dira eta Urretxuko Garbigunean utzi dira. Bertan egiaztatu ahal izan denez, guztira 700 kg hondakin inguru kendu dira ibaitik.
Urretxuko Udalak, hiri guneari dagozkion garbiketa-lanak amaitu ondoren, Matxinportako industrialdearen atzetik doan zatia garbituko du; izan ere, eremu horretan hainbat tresna abandonatuta daudela ikusi da. Garbiketa-lan horiekin batera, Udalak kartelak jarriko ditu hondakinak garbiguneetatik kanpo isurtzea debekatuta dagoela adierazteko, eta bertan ohartaraziko du isunak jarriko direla isurketa horien egilea edo egileak identifikatuz gero. Azkenik, Udalak eskerrak eman nahi dizkio Eguzki taldeari egindako sentsibilizazio- eta informazio-lanarengatik, bai eta herritarrek Udalarekin elkarlanean aritzeko beharragatik ere, horrelako praktikak salatuz; izan ere, guztion artean gure ibaiaren ekosistema babestu behar dugu, balio izugarria baitu.