Urretxuk %79ko birziklatze tasarekin amaitu du urtea
Urretxun edukiontzi grisa ezarri zenetik lau urte bete dira jada, eta, nahiz eta hasieratik hobekuntza oso nabarmena izan zen, batez beste %47tik %74ra pasa baitzen, urtetik urtera ehuneko hori hobetzen joan da, pixkanaka eta irmo.
Izan ere, 2017ko ekitaldia %75eko batez bestekoarekin itxi zen, 2018koa %77koarekin eta 2019koa %79ko batez bestekoarekin amaitu da.
Datu horiei esker, herritarrek egindako lanari esker, Urretxuk zazpigarren postuari eutsi dio Goierriko udalerrien artean (eta lehenengoa, antzeko tamaina duten gainerako udalerriekin alderatuta), eta batez bestekoaren oso gainetik geratu da (%76,8).
Azpimarratu behar da Urretxun birziklatutako beira, paper, kartoi eta ontzi tonei esker 96.312,51 ā¬ sartu direla Sasieta Mankomunitatean, gure herrian birziklatutako frakzioetatik datozenak, eta horrek eragin du Udalak egindako gastuaren aurreikuspena ia-ia bete izana. Era berean, birziklapenaren ehuneko (%) horri esker, herritarrek ordaintzen duten zaborren bilketa-zerbitzuaren udal-tasa bere horretan mantendu ahal izango du Udalak, eta tasa hori Mankomunitatearen batez bestekoaren azpitik egongo da, dagokion zerga-ordenantzan gehitu beharrik izan gabe.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie urretxuar guztiei egiten ari diren ahaleginagatik, eta egunez egun hobetzen jarraitzera animatu nahi ditu, egindako lanak eragin zuzena baitu ingurumenaren babesean eta gure komunitatearentzat zaborren kudeaketak dakarren kostu ekonomikoan.