Sasieta mankomunitateak “Kalitatezko konposta zuri esker” lelopean kontzientziazio kanpaina berri bati ekin dio.
Ekainean zehar karpa txiki bat jartzen ari dira mankomunitateko 14 udalerritan eta bertan Gipuzkoan gaika bildutako materia organikoarekin egindako konposta doan banatzen eta informazioa ematen ari dira herritarrei. Urretxun, ekainaren 19 eta 20an izango dira Areizaga Plazan arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.
Etorkizunari begira bi erronka handi ditugu mankomunitatean:
1) %80ko gaikako bilketako indizea lortzea.
2) Bildutako materialaren kalitatea hobetzea.
Bildutako materia organikoaren kalitatea oso garrantzitsua da zirkulua ixteko (berdin ontzi arinen, paperaren eta kartoiaren kasuan ere) eta hauxe da ekonomia zirkularraren erronka handiena. Bildutako materialaren kalitatea da zirkularidadearen giltzarria.
Kalitatezko birziklapena lortzeko material inpropio edo desegokien maila gutxitzea ezinbestekoa da, birziklatzea oztopatzen duelako eta horrek ingurumenean eta ekonomian dituen ondorioengatik ere.
Gipuzkoan “Gipuzkoako konposta©” izeneko markarekin egiten den konposta kalitate mailarik altuena du: “A” motatako konposta da. Baina kalitate hori lortzeko material desegokien mailak ezin du %5a gainditu.
Hori dela eta, konposta oparitzeaz gain karpan bi hezitzaile izango dira informazioa eman eta edozein zalantza argitzeko. Hurbiltzen direnei informazio-orri bat emango zaie bilketaren eta honekin lortutako konpostaren kalitatea bereziki azpimarratuko duena eta antzeman ohi izan diren ohiko akatsen inguruko informazioa jasoko du, hala nola, poltsa konposgarriak erabili ordez plastikozko poltsak erabiltzea edo organikoarekin batera pixoihalak edo ontziratutako janaria botatzea eta abar. Konposta nola erabili behar den ere jasotzen da.
Karpan Gipuzkoako Hondakin Kontsortzioaren bideo didaktikoa ezagutzera emango da konposta fabrikatzeko prozesua eta konpostaren erabilera ezberdinak azaltzen dituena: mahastietan, futbol- eta golf-zelaietan, baratza eta lorategietan, basoen berreskurapenean eta abar.
Kanpaina datuetan:
- Kanpaina ekainaren 3an hasi eta 28an amaituko da.
- Aldez aurretik, karpa jarriko den herrietan, 5.000 kartel jarriko dira edukiontzi marroietan eta etxeko atarietan.
- Karparen ordutegia hau izango da: 16:00etatik 20:00etara.
- Konposta jasotzeko ezinbestekoa da poltsa konpostagarriak lortzeko erabiltzen da txartela ekartzea.
- Karpa ondorengo herrietan jarriko da: Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Olaberria, Ordizia, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama eta Zumarragan. Konposta edozein herritan jaso daiteke.