Urretxuko Udalak bat egiten du azaroaren 18tik 26ra ospatuko den Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin eta horretarako 3.400 ale inprimatu ditu hondakinak ondo sailkatzeko hiztegiarenak. Hiztegi hau Urretxuko Udalaren web orrian ere aurkitu daiteke.
Duela urtebete ordezkatu zen edukiontzi berdea grisarengatik eta Urretxuko Udalak urtean zehar lortu den bataz besteko gaikako hondakin bilketa kopurua hobetu nahi du hiztegi honen banaketarekin.
Urretxuko gaikako bilketa %47tik %75era pasa da, eta Udalaren ustez datu ona den arren, kopuru hori hobetu nahi du eta marko horretan kokatzen da honako egitasmo hau.
Gauzak horrela, gida honen bitartez kontsultatu ahal izango da nola kudeatu behar den hondakin bakoitza eta gainera, hiztegiak balioko du egunerokotasunean sor daitezkeen zalantzak argitzeko. Hiztegia etxebizitza guztietara banatuko da eta baita ere eskuragarri izango da Udaletxe eta Kultur Etxean.
Egitasmo honekin gainera 2017 urtean zehar hondakin bilketa hobetzeko egin diren jarduerei amaiera ematen zaio. Jarduera horien artean nabarmendu daitezke hondakin bilketa guneen irisgarritasun hobekuntzak (Mundo Mejor, Ipeñarrieta, Pagoeta, Kalerrota, Labeaga 66 eta Barrenkale). Zehazki, azken honetan gune berri bat egokitu da Barrenkale/San Martingo parke estaliaren inguruan. Puntu honek San Martingo gunea ordezkatuko du, honek segurtasun arazoak sortzen baiditu. Udaletxeak, Udaltzaingoak eta Sasieta Mankomunitateak egindako eskaerei erantzunez, erabaki du ordezkapen hau egitea. Izan ere, zabor bilketa egiten duten kamioiek edukiontziak hustutzeko garaian, inguruan dabiltzan oinezkoentzat eta baita San Martinera doazen ibilgailuentzat arriskutsuak izan daitezkeen maniobrak egin behar izaten dituzte.
Amaitzeko, Udalak gogorarazi nahi du jarduera guzti hauen helburua dela herritarrei baliabide ezberdinak luzatzea hondakinen kudeaketa egoki bat egiteko, horrenbestez, animatzen ditu herritarrak Udalaren eskutik ildo horretan lan egiten jarraitzera. Ea denen artean lor daitekeen ahalik eta hondakin gutxien eramatea errefusara, horrek ingurumenean eragiten duen inpaktuagatik eta baita dakarren koste ekonomikoagatik.