Gizarte Ekintza
Featured
“Ongi etorri zerbitzua” martxan
Ekainetik aurrera, Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza zerbitzuak “Ongi etorri zerbitzua” martxan jarri du.
Zerbitzu honen bitartez lurraldera iritsi berri diren pertsona eta familiei harrera egingo zaie, haien ibilbidea hasteko prozesuan behar duten harrera, informazioa eta orientazioa eskainiz.
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza II Udal Planaren barruan kokatzen da “Ongi etorri zerbitzua”, Urretxun Bizi Gara Harrera Eskolaren osagarri bezala, eta bertan islatzen den moduan, 2014ko Harrera Protokoloaren berrikuntza prozesuaren aurrerapauso bat da:
“Harrera protokoloaren garapena eta kudeaketa. Urretxun urtetan landu den Harrera Protokoloa eguneratu eta martxan jarriko da. Horretarako material berriak sortuko dira aniztasun arloan lanean diharduten eragileen ekarpenekin.”
Honen harira, datorren uztailaren 30era arte zabalik izango da “Urretxun Bizi Gara” Harrera Eskolarako matrikula egiteko epea. Udalaren ekimen hau Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunei zuzendua dago, Urretxuko eta Urola Garaia eskualdeko gizartearen, historiaren, aukeren eta baliabideen inguruko ezagutza handiagoa izan nahi duten guztientzat.
“Urretxun Bizi Gara” ekimenaren hamabigarren edizio honetako saioak ostiraletan izango dira, 9:30 – 12:00 bitartean, Urretxuko kultur etxean. Irailaren 25ean hasi eta azaroaren 27ra bitartean, guztiz doan izango diren eskola-orduak jasoko dituzte ikasleek; hitzaldi, txango, bisita eta tailer modura.
“Ongi etorri zerbitzua” goizez eta arratsaldez eskainiko da, udan ezik, goizez soilik izango dela. Interesa duenak txanda eskatu beharko du. Bestalde, “Urretxun Bizi Gara" Harrera Eskolan parte hartu ahal izateko izena eman behar da. Bai txanda eskaera, bai izen ematea, Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza zerbitzuaren bitartez egin beharko da. (Tel.: 693 900 568 – Posta elektronikoa: aniztasuna@urretxu.eus).

