Lodifobiaren kontrako ekintzak antolatu ditu Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza zerbitzuak datorren hilerako.
Lodifobia pertsona lodiek pairatzen duten egiturazko indarkeria eta gorroto diskurtsoa da. Diskriminazio mota honen kontrako mugimendua nahiko berria da gure kontestuan, eta gai hau lantzeko asmoz, Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza zerbitzuak hurrengo ekintzak antolatu ditu azaroan:
- Ana Goitiaren “Katana” bakarrizketa: Ana Goitia, kazetaria, umoregile eta moda munduko profesionala dugu. “Katana” bakarrizketarekin egingo duen bira aurkeztu berri du eta ikuskizun honetan, matxismoa, lodifobia eta egunerokotasuneko beste hainbat gaiei buruz arituko zaigu, azaroaren 7an, Labeaga Aretoan, arratsaldeko 6tan. Sarrerak eskuragarri egongo dira urriaren 17 eta 24an, 16.30etik 18.30ra, eta urriaren 31an 10.00tik 13.00ra Aizpuruenea Kultur Etxean eta dohainik izango dira. Pertsona bakoitzeko 4 sarrera hartu ahal izango dira, gehienez.
- Lodifobia eta nutrizioari buruzko hitzaldia: Lodifobiaren kontrako mugimenduan, pisuan oinarritzen ez den nutrizioa, elikadura-jokabidearen nahasmenduaren prebentzioa eta elikadura intuitiboa proposatzen dira. Gai hau jorratzeko nutrizioa, psikologia eta psikonutrizioan erreferenteak diren Elikaeskolako profesionalak izango ditugu, azaroaren 14an, Aizpuruenea Kultur Etxean, arratsaldeko 5tan.
- Nutrizioa 65 urtetik harago: Lodifobiaren kontrako ikuspegia mantenduz, Elikaeskolako kideak izango ditugu berriro gure artean, 65 urtetik gorako garaian elikaduraren inguruko gomendioak eman eta ohitura ezberdinei buruzko hausnarketa egiteko. +65 Foroaren ekintzekin lotzen den saio hau, azaroaren 21an izango da, arratsaldeko 5tan, Aizpuruenea Kultur Etxean.
Aipatutako azken bi hitzaldietarako sarrera doakoa eta librea izango da.
Informazio gehiago behar duenak, 693 900 568 telefonora deitu edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzi dezala.