2024ko Aniztasun Jaia ekainaren 1ean, larunbatean, egingo da Urretxun, Gernikako Arbola Plazan, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 16:00ak bitartean.
Ekitaldi honen helburu nagusia Urretxun elkarrekin bizi diren aniztasun guztien ospakizuna da. Hau da, guztiok ordezkatzen ditugun aniztasunak herriaren aberastasun gisa ulertzea eta aitortzea. Gainera, elkar ezagutzarako eta aurreiritziak sortzen dituzten hesiak gainditzeko aukera paregabea ere bada.
Jaiaren antolaketa prozesuari garrantzi handia ematen dio Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak. “Apirilean hasi ginen lehen bilerak egiten eta ordutik, astero elkartu gara, udaletxeko portaloian, herrialde eta elkarte ezberdinetako ordezkariak, baita era batera edo besterajaian parte hartuko duten pertsonak ere. Ibilbide horretan, parte hartzaileek, elkarlanean jaiaren xehetasun teknikoak lantzeaz gain, difusiorako bideoak prestatu ditugu, oihalak birziklatuz plaza apaintzeko banderatxoak josi ditugu, bakoitzaren lana aurkeztu eta zalantzak taldean argitu…, eta hori komunitate osoarentzat oso aberasgarria izaten ari da. “ azaldu dute Aniztasun sailetik.
Aurten, erdigunean jarri dira elkarbanatze prozesuak eta parte hartzea; beraz, jaira gerturatzen direnek hainbat herrialdetako jakiak dastatzeaz eta komunitateko elkarteek antolatzen dituzten ekintzetan parte hartzeaz gain, henna, txirikordak, djembe, dantza ginear eta salsa tailerrak egiteko aukera izango dute.
Bertan ordezkaturik egongo diren herrialdeak izango dira: Argentina, Ekuatoreko Ginea, Errusia, Honduras, Kolonbia, Kosta Rika, Kuba, Nikaragua, Maroko, Paisos Catalans, Pakistan, Peru, Portugal, Senegal eta Venezuela. Elkarteei dagokionez, aniztasun funtzionalaren inguruan dabiltzan Marea Urdina eta Bakuntza Taldeak izango dira bertan; gainera, Urola Garaiko Emakumeen Etxeko Sua – Annar Emakume migratuen taldea, Alambique Etxeko gazteak, Gurutze Gorria, Gazte Bidean, etab.