Matrikula epea irekita
Datorren uztailaren 31ra arte zabalik izango da “Urretxun Bizi Gara” Harrera Eskolarako matrikula egiteko epea. Udalaren ekimen hau Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunei zuzendua dago, Urretxuko eta Urola Garaia eskualdeko gizartearen, historiaren, aukera eta baliabideen inguruko ezagutza haundiagoa izan nahi dutenentzat, alegia.
“Urretxun Bizi Gara” ekimenaren zazpigarren edizio honetako saioak astearte eta ostiraletan izango dira, 9:30 – 12:00 bitartean, Urretxuko kultur etxean. Irailaren 10ean hasi eta azaroaren 12ra bitartean, guztiz doan izango diren 40 eskola-ordu jasoko dituzte ikasleek, hitzaldi, txango, bisita eta tailer modura. Aurrekoetan bezalaxe, teknikariek, eragileek eta herriko erakundeek hitz egingo dute zuzenean ikasleekin, historia eta gizartea, kultura, enplegua, etxebizitza, hezkuntza, hizkuntza, osasuna, e.a… hizpide hartuta.
Gainera, nahi duten partehartzaileek egonaldia egin ahal izango dute lau astetan zehar herriko kultur elkarteren batean, elkarrekiko ezagutza sustatzeko eta harrera nahiz egokitzapen prozesuak errazteko.
2014an Urretxun Bizi Gara Harrera Eskola martxan jarri zenetik laurogei bizilagun baino gehiagok amaitu dute ikastaroa. Aurten, Eskolak COVID-19ren prebentzio-protokoloetara egokituko du bere talde-dinamika, baina aurreko edizioetako edukiak bere osotasunean mantenduko dira.
“Urretxun Bizi Gara” Aniztasun eta Bizikidetza Udal Planaren barruan kokatzen da, gure herria osatzen duten kulturen arteko aberastasuna bultzatzeko eta topaketarako gune bat eraikitzeko helburuarekin. Horrez gain, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa ere badu, herritarren parte-hartzeari irekita dagoen lan batzordea, gizarte inklusiboa eta bazterkeriarik gabekoa sortzea bultzatzen dituena.
“Urretxun Bizi Gara” Harrera Eskolan parte hartu ahal izateko izena eman behar da, 943 03 80 83 Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuen telefono zenbakira deituta. Matrikula dohainekoa da eta uztailaren 31a bitartean egongo da zabalik.