Enplegurako Orientazio Zerbitzu hau 2018an jarri zen martxan Urretxuko Udaletxean eta, orduz geroztik, ehundaka herritarrei lagundu die lan merkatuan sartzen
Emaitza horiek ikusita, eta egindako balorazio positiboa kontuan hartuta, eskaintza zabaltzea erabaki da.
Zerbitzu hau Erroak-Sartu, gizarteratzeko elkartearen bitartez eskaintzen da eta Urola Garaiko Mankomunitateko herritar guztiei laguntzea du helburu. Zehazki, Lanbiden izena emanda duten eta euren enplegagarritasuna hobetu nahi duten guzti haiei zuzendua dago.
Urretxuko bulegoan, lan eskatzailea eta orientazioan diharduen profesionala elkartzen dira eta lehenengoaren profil profesionalaren balorazioa egiten dute elkarrekin, modu pertsonalizatuan: eskatzailearen formazioa, eskarmentua, ibilbide profesionala, interesak, lanerako aukerak, etab. aztertzen dituzte, eta balorazio hori oinarri hartuta, lanerako plan bat ezartzen dio orientatzaileak, hainbat helburu dituena, eta helburu horiek erdiesteko ekintza edo jarduera plan bat ere diseinatzen dute elkarrekin.
Zerbitzu honetan, Lanbidek eta Erroak-Sortu elkarteak bakarrik ez, Udal Gizarte Zerbitzuek ere rol garrantzitsua betetzen dute. Izan ere, kasu askotan eurak izaten dira erabiltzaileak Bateginera bideratzen dituztenak, Lanbidek eta Gizarte Zerbitzuek duten hitzarmena baliatuz.
Orain arte, astean bi egunetan eskaintzen zen zerbitzu hau Urretxun, astearte eta ostegunetan. Ikusita, ordea, programak erabiltzaileen artean izandako harrera ona, Gizarte Zerbitzuek zein Lanbidek egiten duten balorazio positiboa eta orientatzaileen aldeko iritzia, eskaintza zabaltzeko erabakia hartu da. Hala, pasa den maiatzaren 14tik, astean hirutan eskaintzen da zerbitzua: asteartetan, ostegunetan eta ostiraletan.
Urretxuko Udala oso pozik agertu da berriarekin eta gonbita egiten die zerbitzua ezagutzen ez duten haiei informazioa eskatzeko eta erabiltzen hasteko. Lanbiden (943 160600) edo Gizarte Zerbitzuetan (943 038083) egin dezakete.