Pandemia garaian, bizilagunen bizipenak biltzen dituen podcastak prestatu ditu Urretxuko Udalak
Urretxuko Udalak gizarte ekimen berritzailea jarri du martxan, koronavirusaren krisiak irauten duen bitartean gizarte kohesioari eusteko helburuarekin: Karabin, karaban . Podcast formatuko irratsaio berri honek herritarren bizipenak ezagutzera emango ditu, telefonoz egindako elkarrizketen bitartez.
Irratsaioa Udaleko Gizarte Zerbitzuen departamentuak zuzenduko du, eta aurkezle lanak Udaleko Aniztasun eta Biziidetza programako dinamizatzailea eta kazetaria den Mónica Leivak egingo ditu; baita programaren argitaratzea ere. “Karabin, karaban saioa bizi dugun garai honetan entzuteko eta adierazteko espazio bat da: koronabirusaren pandemia toki eta kolektibo ezberdinei nola eragiten ari zaien erakutsiko digun espazioa” azaldu du leivak. “Orain, sozializazio guneak etxeko intimitatera murriztu diren honetan, ekimen honek etxetik ere komunitatea eraikitzen jarraitzeko aukera ematen digu, betiere etxetik eta konfinamenduaren segurtasun neurriak errespetatuz. Irratsaio honetan besteekiko interesa agertuko dugu, eta era berean, kolektibo jakin batzuek pairatzen duten estigmaz ere arituko gara” .
Etxetik eta baliabide oso xumeekin egindako saio hauek ordubeteko iraupena izango dute, eta bi bertsiotan argitaratuko dira: euskaraz eta gazteleraz. Elkarrizketak elebidunak izango dira.
Karabin, Karaban izena
Karabin, karaban izenak Bat, bi, hiru … tomate!-ren jokoari egiten dio erreferentzia. Joko horretan parte-hartzaileek geldirik egon behar dute, gihar bakar bat ere mugitu gabe, ahal denean edo baimena dutenean aurrera egiten jarraitu nahi badute.
Metaforikoki, Karabin, karaban izenak maila globalean bizi dugun momentu honi egiten dio erreferentzia. Une horretan denok geldik egon behar dugu, ahal denean aurrera egin ahal izateko. Pertsona bakoitzaren bizipenak ordea, erabat ezberdinak izango dira; krisialdi honek harrapatu gaituen bizitzako unearen arabera. Hori programak ikusarazi nahi duen zerbait da.
Formatuaren inguruan
Audio fitxategi batean, ordenagailu edo sakeleko telefono batetik entzun edo deskarga daiteken pdcast bat izango da. Bakoitzak nahi duenean eta nahibestetan entzun eta deskargatu daiteke.
Karabin, Karaban saioak Udal webgunean entzun daitezke eta sare sozialetan ere zabalduko dira; Facebook eta Twitterren.. Karabin karabanen lehen saioa eskuragarri dago jada.
Programan parte hartu nahi baduzu 619030489 telefonora deitu edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzi. Animatu zaitez!