Bilerak hilean behin egiten dituzte, ostegunetan, 18:00etan, Aizpuru-Enea kultur etxean.
Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia elkartrukerako eta hausnarketarako gune irekia da, tokiko administrazioak, bizilagunek, erakundeek eta elkarteek parte har dezaten, giza eskubideetan oinarritutako gizarte inklusiboa sortzeko eta mantentzeko konpromisoa hartuta.
Herritarren foro horrek, alde batetik, gure kaleetako diskriminazioaren prebentzioan eta identifikazioan lan egiten du, eta, bestetik, 2012tik aurrera, desberdintasunean oinarritutako gizarte-kohesioa eta bizikidetza sustatzeko proiektuak bultzatzen ditu. Proiektu horien adibide finkatuak honako hauek dira: aniztasunaren Jaia (2013tik), Urretxun Bizi Gara harrera-eskola (2014tik), Irakurketa Erraza Kluba (2018tik), Zurrumurruen Aurkako Estrategia (2018tik) edo Sukaldanitzak (2019tik).
Bilerak hilaren ostegun batean egiten dituzte, 18:00etan, Aizpuru-Enea kultur etxean. 2020rako zazpi bilera aurreikusita daude: otsailaren 13an, martxoaren 12an, maiatzaren 14an, ekainaren 11n, irailaren 10ean, urriaren 8an eta azaroaren 12an. Parte hartzeko, udaletxeko Gizarte Zerbitzuen bulegoan eman behar da izena, edo 943038083 telefonora deitu.
Udalak gure inguruko aniztasuna ikusarazten jarraitu nahi du, eta aukera berdintasuna eta tokiko esparru sozial, kultural eta politikoetan baldintza berdinetan parte hartzea bultzatzen. Lan hori erronka komunitarioa da, eta gizarte inklusiboa sortzeko konpromisoa duten pertsona, erakunde eta elkarteen lan kolektiboa eskatzen du. Hori dela eta, hala nahi dutenek Mahaitik elkar aurkitu eta koordinatu ahal izango dute.
2019ko Mahaian banaka parte hartu zuten herritarrez gain, honako hauek izan ziren ordezkariak: Gainzuri, Urretxu-Zumarragako ikastola, HHE, Gazte Bidean, Kale Hezitzaleak, Al Amal Emakume Musulmanen Elkartea, AGIFES, Alambique Egoitza, Lanbide, Aspace, Pakistango komunitatea, Marokoko komunitatea eta Hondurasko komunitatea.