Datorren irailaren 26ra arte zabalik izango da “Urretxun Bizi Gara” Harrera Eskolarako matrikula egiteko epea. Udalaren ekimen hau beste kultura batzuetatik datozen adin nagusiko bizilagunei zuzendua dago, Urretxuko eta Urola Garaia eskualdeko gizartearen, historiaren, aukera eta baliabideen inguruko ezagutza handiagoa izan nahi dutenentzat, alegia.
“Urretxun Bizi Gara” ekimenaren laugarren edizio honetako saioak astearte eta ostiraletan izango dira, 9:30 – 11:45 bitartean, Urretxuko kultur etxean. Urriaren 3an hasi eta abenduaren 22ra bitartean, guztiz doan izango diren 36 eskola-ordu jasoko dituzte ikasleek, hitzaldi, txango, bisita eta tailer modura. Aurrekoetan bezalaxe, teknikariek, eragileek eta herriko erakundeek hitz egingo dute zuzenean ikasleekin, historia eta gizartea, kultura, enplegua, etxebizitza, hezkuntza, hizkuntza, osasuna, e.a… hizpide hartuta.
Gainera, edizio honetan, lehen aldiz, nahi duten ikasleek egonaldia egin ahal izango dute bost astetan zehar herriko kultur elkarteren batean, elkarrekiko ezagutza sustatzeko eta harrera nahiz egokitzapen prozesuak errazteko.
2014an ekimen hau martxan jarri zenetik 36 bizilagun pasa dira Harrera Eskolatik. “Urretxun Bizi Gara” 2009ko Immigrazio eta Bizikidetza Udal Planaren barruan kokatzen da, gure herria osatzen duten kulturen arteko aberastasuna bultzatzeko eta topaketarako gune bat eraikitzeko helburuarekin. Horrez gain, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa ere badu, herritarren parte-hartzeari irekita dagoen lan batzordea, besteak beste Kulturen arteko Azoka edo pintxo-pote kultur-anitza bezalako ekimenak bultzatzen dituena.
“Urretxun Bizi Gara” Harrera Eskolan parte hartu ahal izateko izena eman behar da. Matrikula doan da eta Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoan egin daiteke, irailaren 26ra bitartean. Argibide gehiago nahi duenak udaletxera bertara jo dezake, edo 943 03 80 80 telefono zenbakira deitu.