Euskara

'Argazki-hizkiak' lehiaketaren lehen aldia: udazkena iruditan eta hitzetan
Urretxuko eta Zumarragako udaletako Euskara Sailek, Argazki-hizkiak lehiaketa antolatu dute lehen aldiz, herritarren argazkigintzarako zaletasuna eta hizkuntzaren erabilerarekin uztartzeko asmoz. Parte-hartzaileek argazki eta testu labur baten bidez Urretxuko eta Zumarragako udazkenaren izaera islatu beharko dute.
Izan ere, lehen edizio honen gaia “Udazkena Urretxu eta Zumarragan” izango da, eta parte-hartzaileek irudien eta hitzen bidez jaso beharko dute nola bizi duten urtaro berezi hau. Argazkia zein testua zeinahi estilotan aurkeztu ahal izango da. Testuak gehienez orri erdiko luzera izango du, euskaraz idatzita egon beharko da. Hitzak izan litezke narrazio, poesia, bertso, hausnarketa edo beste edozein genero literario.
Partaideen baldintzak eta sariak
Lehiaketan Urretxun edo Zumarragan bizi, ikasi edo lan egiten duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, banaka edo taldean. Lanak fisikoki aurkeztu behar dira, gutunazal batean sartuta. Barruan beste gutunazal txikiago bat gehitu beharko da parte-hartzailearen datuekin: izen-abizenak, telefono zenbakia, helbidea, helbide elektronikoa eta herria. Lanak aurkezteko azken eguna 2025eko azaroaren 21a izango da. Urretxuko Udaleko harreran edo Zumarragako Kultur Etxeko harreran aurkeztu beharko dira.
Lehiaketak hiru sari izango ditu: lehen saria, 150 eurokoa; bigarrena, 100 eurokoa; eta hirugarrena, 50 eurokoa. Sari guztiak Bitartean Merkatari Elkarteko dendetan erabiltzeko erosketa-bonuetan emango dira.
Epaimahaia eta sari banaketa ekitaldia
Epaimahaia argazkigintzan eta literaturan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta baloratuko dira argazkiaren eta testuaren arteko elkarreragina, lanaren originaltasuna eta sormenaren kalitatea. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da. Parte-hartzaileek beren lanen egile-eskubideak gordeko dituzte, baina antolatzaileei erabilera ez komertziala emango diete, erakusketetan edo komunikazio ekintzetan erabiltzeko. Lehiaketan parte hartzeak oinarri guztiak onartzea dakar, eta antolakuntzak aldaketak egiteko eskubidea izango du, beharrezkoa balitz.
Sariak azaroaren 29an, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egingo den Mintzodromoan banatuko dira. Orduan jakinaraziko dira irabazleak, eta aurkeztutako lanez gozatzeko aukera ere izango da.