“Txoripan Zaleak” taldea (Oier Zestau, Julen Etxeberria eta Oinatz Burgos) izan zen irabazlea
Pasa den igandean jokatu zen aurtengo Mingainluze lehiaketa. Lehiaketa diogu, baina festa bat dela esatea agian egokiagoa da ziur aski, gaztetxoek, euskara izanik erabateko protagonista, euren abilezia erakusteko aukera daukatelako. Herriotako ikastetxe ezberdinetako 11 taldek neurtu zituzten indarrak aurtengo ekinaldian, 3 lagunez osatuak denak ere. Saio benetan estu eta umoretsu baten ondoren “Txoripan Zaleak” taldea (Oier Zestau, Julen Etxeberria eta Oinatz Burgos) izan zen irabazlea. Talde honek erregulartasun handia erakutsi zuen proba guztietan eta puntuak batuz alde nabarmenarekin irabazi zuen lehiaketa.
Bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko berdinketa hautsi behar izan zen azkenean, eta “Malani” taldea (Malen Ormazabal, Laia Aranburu, Nile Plazaola) taldea izan zen abilena Imintzioka. Hirugarren postuan “Futboleroak” (Aritz Estalayo, Alfredo Luis Echeverria, Nahia Pastrian) taldea sailkatu zen eta azken txanpara arte borrokan egon ostean “Baga, Biga, Higa” taldea (Irati Gomez, Jone Albisua, Maddi Egea) izan zen laugarren.
Puntu gehien batu zuten lau talde horiez gain, “Blue banana” (Amen Hadadi, Oier Lorenzo, Kimetz Nuñez), “Super igel gorriak” (Danel Chamadoira, Sofian El Ouafi Ed Dafali, Ekhi Lete), “Hiru lurrikarak” (Zuhaitz Arakama, Luken Balenziaga, Aner Aranguren), “Txapeldunak” (Martin Erostarbe, Ethan Morcillo, Andoitz Alves), “Ahuakateak” (Irune Aramburu, Arene Hervás, Alejandro Rivera), “Superneskak” (Paula Bandera, Enara Gutiérrez, Maren Toral) eta “Mosketeroak” (Seido Traore, Beñat Ruiz, Younes Serroukh) taldeak ere aritu ziren lehian.
Finalaren amaieran lehenengo hiru sailkatuek sariak jaso zituzten Josu Idigoras eta Alex Gonzalez Zumarragako eta Urretxuko udal ordezkarien eskutik. Antolatzaileak hasi dira dagoeneko datorren urteko Mingainluze prestatzen eta gaztetxoek urtebete daukate aurretik entrenatzen jarraitzeko. Saioaren amaieran antolatzaileak pozik ziren lehiaketak izandako erantzunarekin: “urte dezente dela hasi ginen Mingainluze antolatzen eta belaunaldi berriengan ere arrakasta daukan lehiaketa da. Datozen urteetan ere antolatzen jarraituko dugu, inolako zalantzarik gabe”.