Urretxuko eta Zumarragako Udaletako Euskara Sailek negurako antolatuko dituzken egitarauaren berri eman dute. Alex Gonzalez eta Josu Idigoras Euskara Batzordeburuek egitarau hau antolatzeko azaroan izan zen momentu parte-hartzailean herritarrek eta elkarteek erakutsitako prestutasuna eskertu dute.
Neguko egitarauean, nabarmentzekoak dira, haurrentzako filmetan izango den %75eko deskontuaz gain (estreinaldiak 1 €!), martxoaren 15ean Antton Telleriaren Ni, Ni, Ni bakarrizketa Labeaga aretoan (sarrerak salgai urtarrilaren 15etik aurrera bi udaletako webgunetik); eta otsailaren 11ren bueltan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira antolatuko den Zientzia zetaz saioa, zeina gure herritarrek euskaraz egindako ikerketa lanak hartuko dituen hizpide.
Horiez gain, bi ikastaro proposatuko ditugu: bata, Podcast egiten ikasteko (DBHko ikasleei zuzendua), eta, bestea, antzerkigintza eta inprobisazioa lantzeko LH5 eta LH6ko ikasleentzat.
Aisialdirako parada ere izango da alde batetik, Mingainluzeko edizio berri batekin (LH5eko ikasleei zuzendua), eta, berrikuntza modura, “Amalurren sekretua” ginkana mitologikoa 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat.
Helduagoei begira, euskararekin inongo ezagutzarik ez dutenentzat “Ongi etorri” 10 orduko ikastarotxoa udal euskaltegian dohainik, eta, irakurzaleentzat, Jon Urzelairen “Su festak” liburuaren lanketa urtarrilaren 21ean Urretxuko liburutegian idazlearekin batera.
Horiez gain, haur eta helduentzako antzerkia ere izango da, baina horren berri aurki emango dute Kultura Zerbitzuetatik.
Hori horrela, euskara batzordeburuek gogorarazi dute bi udaletako euskara zerbitzuetako ateak zabalik daudela edozein zalantza edota proposamen jaso eta aztertzeko.