Teknologia eta hizkuntzaren bidezko sormena landuko dituzte partaideek, ordenagailuei tripak aterata, azaroko lau ostegunetan, 15:30etik 17:00etara
Urretxuko eta Zumarragako Udalek Tekno hiriko hiritarrak teknologia eta hizkuntzaren bidezko sormena uztartuko dituen ikastaro berritzailea antolatu dute, azaroaren 7, 14, 21 eta 28rako [ostegunak], 15:30etik 17:00etara, Urretxuko kultur etxean. Lau saio horietan, partaideek ordenagailu zaharrei tripak aterata, hiri futurista bat eraiki eta hiri horretako biztanleei historiak eta istorioak asmatuko dizkiete. Historia eta istorioak ahotsez grabatuko dituzte, gero, eta QR bidez entzun ahalko dituzte ikastaroaren bukaeran bertaratzen direnek. Alex Gonzalez komunikazioan, irudian eta soinuan aditua eta animatzaile soziokulturala eta Leire Agirre gizarte hezitzailea izango dira ikastaroa dinamizatuko dutenak. Ikastaroaren bitartez, teknologiarekin jolastuz, ahozko komunikazioa ere landuko dute.
Ikastaroa Urretxuko kultur etxean egingo dute, aurrez aipatutako egunetan. Gehienez ere, 15 lagunek hartu ahalko dute parte. Izena emandakoak gehiago balira, zozketa egingo litzateke, eta azaroaren 4an bertan jakinaraziko litzaieke ikastaroan parte hartuko luketen ala ez. Izena emateko epea azaroaren 4ra bitartean dago zabalik, labur.eus/hiriko helbidean. Ikastaroa doan da.