Urretxuko eta Zumarragako Udaletako Euskara Sailek udazkenerako antolatuko dituzten egitarauaren berri eman dute
Alex Gonzalez eta Josu Idigoras Euskara Batzordeburuek, Sara Bidarte eta Aitor Lizarazu teknikariek lagunduta, datozen hilabeteetarako euskara zerbitzuek elkarlanean antolatuko dituzten ekintzen berri eman zuten.
Nabarmentzekoak dira, berrikuntzen artean LHko ikasleei zuzenduriko Kantari karaoke-ikuskizuna eta Euskararen kriseilua ekimen berriak. Baita DBHko ikasleei zuzenduriko bi ikastaro: Tekno hiriko hiritarrak urrian, eta Podcast ikastaroa abenduan.
Horiez gain, bi ekitaldi azpimarratu zituzten: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kanporaketa larunbat honetan Labeaga aretoan, eta Mintzodromoa azaroaren 30ean, Urretxun.
Ikasturte hasierarekin batera berrekingo zaio euskarazko liburu irakurketa taldeari, lehen hitzordua azaroaren 7an izango da, eta Emakumeak landa eremuan hizpide hartuta. Horrez gain, Udal Euskaltegiaren eskaintza gogorarazi dute A1 mailatik C1 mailarainoko ikastaroak eskainiz. Eta, euskaltegira joan gabe, euskara erabili nahi dutenentzat Mintzalagun saioak, dohainik.