Urretxuko eta Zumarragako Udaletako Euskara Sailek irailean hasiko den 12. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa aurkeztu dute.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa lau urtetik behin Bertsozale Elkarteak antolatzen duen lehiaketa da. Bertan, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik sailkatutako 34 bertsolarik eta 2019ko Gipuzkoako Txapelketatik sailkatutakoek kantatuko dute.
Irailaren 14an hasiko da Labeaga Aretoan. Final zortziren horretan Andoni Rekondok, Ane Zuazubiskarrek, Antton Aizpuruak, Jon Gurrutxagak, Mikel Iturriotzek eta Unai Mendizabalek abestuko dute. Saioa 17:00etan hasiko da.
Sarrerak helbide honetan labur.eus/WXVGV erosteko aukera dago, eta Internet bidezko sarrerak erosteko aukera saioa hasten denean amaituko da. Aurrez sarrera guztiak agortzen ez badira, saioaren egunean 16:00etan zabalduko da txarteldegia Labeaga bertan.
Gure herriak euskararen mapan kokatzeko ekintzetako bat izango da saio hori. Bertsolari txapelketan, gazteak izaten dira kantuan, eta gazteek gazteak erakartzen dituzte, zertan eta hizkuntzaren jolasean. Lehen saio hori herrian egin ahal izanda, gazteek, eta ez gazteek bakarrik, euskaraz gozatzeko aukera izango dute.
Elkarlanean, urte luzez
Euskara Zerbitzuek urteak daramatzate bertsolaritza sustatzen Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin elkarlanean. Horren adibide da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako udazkeneko fasea gurean hastea. Baina ez txapelketa bakarrik, gure herrian bertsolaritza eta euskara sustatzeko beste hainbat ekintza ere egiten baitira.
Alde batetik, ikastetxeetan “Gu ere bertsotan” programa garatzen dugu LH4ko eta LH5eko ikasle guztientzat azken hamazazpi ikasturteetan. Programa horren bidez, bertsolaritza ezagutu eta lantzeaz gain, ahozkotasuna hitzekin jolas egitea, argudiaketa… lantzen dira bai ikasleen bai ikastetxeen balorazio onarekin.
Bestetik, bertso eskolari ere laguntza ematen diogu herrian bertsolaritza eta, ondorioz, euskara susta ditzan. Horren adierazgarri da bertso eskolak azken hogeita bost urteotan egindako lana, ez baita kasualitatea Gipuzkoako Bertso Txapelketak bertso eskolak omendu nahi eta aurtengo txapelketaren azken fasea gurean hastea. Are gehiago, azken fase honetan, oraindik, lau herritarrek jarraitzen dute: Amaia Iturriotzek, Maialen Akizuk, Mikel Iturriotzek eta Uxue Fernandezek. Gainera, zozketak hala erabakita, Mikelek Labeagan kantatuko du.
Baina, aipatu dugun moduan, bertsolaritza txapelketa baina gehiago da. Aisia ere bada. Baita jolasa ere. Horren adibide, Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolak azken 22 urteetan antolatzen duen Martxoan Bertsoa zikloa, zeinak herriko eta eskualdeko gazteak erakartzen dituen.
Hortaz, bertsolaritzak eta bere mugimenduak euskarazko aisialdian eta erabileran egiten duen ekarpenagatik, irailaren 14an jokatuko den Gipuzkoako Bertso Txapelketako kanporaketara gonbidatu nahi zaituztete bi udaletako Euskara Batzordeburuek, baina baita herriko bertso eskolara ere euskaraz jolasteko eta ondo pasatzeko aukera ezin hobea baita.