Bi bultzada izango ditu jauzi kualitatiboak: batetik, esku hartzeak diseinatzeko ikerketa kualitatiboa; eta bestetik, entrenatzaileen formaziorako diru laguntza
Urola Garaia mankomunitateak gure herrietako kirol elkarteetan euskararen erabilera sustatzeko xedearekin, jauzi kualitatiboa egin nahi du. Horrela, mankomunitateko udaletako euskara sailek landu duten jauzi horrek bi osagai izango ditu: batetik, ikerketa kualitatibo bat, esku hartzeak abiatzea helburu izango duena; bestetik udalok aurten plazaratu berri dugun diru-laguntza berri bat kirol elkarteetako entrenatzaileek egin ohi dituzten formazioak euskaraz egin ditzaten bultzatzeko.
Emun kooperatiba arduratuko da ikerketa eta esku hartzearen diseinua koordinatzeaz. Diagnostikoa egiteko 8 elkarrizketa egitea aurreikusi dugu 11 bat pertsona eragilerekin. Elkarrizketak uztaila-iraila bitartean egitea aurreikusten dugu. Ondoren, datuak prozesatu eta ondorioak aterako ditu Emunek. Behin betiko emaitzak abenduan zehar izatea espero dugu.
Horrezaz gain, eta entrenatzaileak euskararen erabileran eragiteko gako direla jakinda, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako Udalek entrenatzaileek euskaraz jasotzen dituzten formazioak ehuneko ehunean lagundiko dituzte diruz. Eskaerak urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira dagokion udalean.