Kale neurketako emaitzek erabileraren beherakada adierazi ostean, elkarlanean erantzun nahi zaio beherakada horri.
Atzo, irailaren 22a, udal euskaltegiko atarian bi udaletako euskara batzordeburuek, elkarlanean, 2022-23 ikasturterako aurreikusten diren ekintzen berri eman zuten, inguruan, ikastetxeetako eta kultur elkarteetako ordezkari eta, udal euskaltegiko irakasleez lagunduta.
Euskararen erabilera handitzeko, bost helburu estrategiko partekatzen dituzte bi udalek:
Familia transmisioaren garrantzia
- Irakaskuntzaren garrantzia
- Helduen euskalduntze-alfabetatzea.
- Arlo sozio-ekonomikoaren garrantzia.
- Aisia, kultura eta kirola.
Guztira 23 ekintza partekatu aurreikusten dira (ikus taula). Horietatik bi aipatzekotan, urriaren 12an egingo den “Bertakotzen” proiektuaren aurkezpena, eta abenduaren 4tik 31ra egingo den “Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” kanpaina, tartean, Euskaraldia izango dugula ahaztu gabe.
Udalek eskaintzen dituzten ekintzez gain, Maialen Fidalgo eta Nerea Errasti batzordeburuek, herriko entitate eta elkarteek egiten duten lana ere goraipatu nahi izan zuten, eta ezinbestekotzat jo zuten eragile guztien arteko elkarlana. Helburua bakarra baita: gure herrietan euskararen erabilera handitzea.
Azkenik, edozein proposamen berri aztertzeko prestutasun adierazi zuten eta horretarako bi udaletako euskara zerbitzuak zabalik daudela gogorarazi.