Pasa den igandean, irailaren 27an itxi zen entitateen izen-emateko epea, et Urretxun 97 izan dira izena eman duten elkarte, enpresa, establezimendu, klub eta taldeak.
Izena eman duteen entitateen kopurua oso garrantzitsua da, eskualdeko altuena, eta herriko entitateek Euskararekin duten konpromezuaren islatzen du. Izan ere, 2018an Urretxuarrek euskararekiko konpromiso indibiduala agertu bazuten, oraingo honetan kolektiboa ere agertu dute; talde, elkarte, denda, taberna eta orokorrean entitate horiek baitira beren talde barruan ariguneak – euskaraz eroso aritzeko eremuak- identifikatu eta izena eman dutenak. Txalotzekoa benetan herriko entitateek agertutako jarrera, interesa eta prestutasuna.
Hurrengo erronka norbanakoena da; pasa den astetik irekita baitago norbanakoek izena emateko epea ere.
Udaletik gogorarazi digute aurreko edizioan Urretxun eta Zumarragan guztira 2.416 lagunek izena eman zutela ariketa sozialean, 1.561 ahobizi izan ziren (%64.6) eta 855 belarriprest (%35,4). Kale neurketak ere egin ziren Euskaraldiaren inpaktu zehatza ezagutzeko eta emaitzak oso onak izan ziren: Euskaraldiak iraun zuen artean euskararen erabilera nabarmen igo zen; neurtutako hiru elkarrizketetatik bat euskaraz izan zen (% 32), hau da, 2017an neurtutakoa (% 22,3) baino hamar puntu handiagoa izan zen. Euskaraldia amaitu ondoren, berriz ere egin zen neurketa, eta ehunekoa zertxobait jaitsi bazen ere (% 29,5era), oraindik ere altu mantendu zen.
Zenbaki eta datuez haratago, Euskaraldian bizi izandako sentimendu eta emozioak oso garrantzitsuak izan ziren jendearentzat, eta balorazio bileretan gehien azpimarratu zirenak poza, erosotasuna, sorpresa, ilusioa bezalako hitzak agertu ziren; Lagunekin edo kuadrilan, lantegian, okindegian, harategian… euskaraz egiteko aukera eta gune berriak sortu zirela konturatu ziren asko.
Oraingo honetan beraz, gune berri horiei ARIGUNE esango diegu, partehartzaileok AHOBIZI eta BELARRIPREST izaten jarraituko dugu Azaroaren 20tik Abenduaren 4ra.
Animatu zaitez eta eman izena www.euskaraldia.eus webgunean, eta zalantzarik suertatzen bazaizu edo informazio gehiago behar izanez gero deitu Udaletxeko Euskara zerbitzura (943 038 088).