Urretxuko Udalak herriko entitateei dei egiten die, irailaren 27a baino lehen, EUSKARALDIAn izena ematera.
Lerro hauen bitartez, Urretxuko Udalak herriko elkarte, denda, enpresa eta klubei dei egiten die Euskaraldian izena ematera, irailaren 27a (igandea) baino lehen.
Dagoeneko hamaika entitatek izena eman dute aurtengo edizioan, kultur elkarte, enpresa eta entitate publikoen artean, baina artean asko gelditzen dira. “Aurten urte berezia eta zaila izan da Euskararen esparruan ere, eta baliteke deialdiak aurrekoan baino entzute gutxiago izatea” azaldu digute Urretxuko Udaletik.
Antolaketa sistema aurreko edizioaren oso antzekoa izan da, talde motorra 2019ko urrian hasi zen lanean, eta hamar laguneko talde hau da antolaketa eta kudeaketa lanak egiten dituena. Talde handiago bat ere bada, “Herri Batzarra” Urretxu eta Zumarragako herritarrek osatzen dutena, eta edizio honetan hiru aldiz biltzeko aukera izan duena. Talde honetan biltzen dira herritarrak, eta talde hau da mezua herrirantz zabaltzen duena, bi herriotako euskara teknikariek dinamizatuta. Horrez gain, Elhuyar enpresako bi teknikari ari dira Urola Garaia eskualdeko enpresetan informazioa zabaltzen eta Euskaraldirako izen ematea sustatzen.
Oso garrantzitsua da Herri Batzarrari Euskaraldiaren kontzeptua, “ariguneak” zer diren, “belarriprest” eta “ahobiziren” benetako rolak zeintzuk diren ondo azaltzea, gero hauek izango baitira mezua ingurukoei zabalduko dietenak, transmisio lan hori egingo dutenak.
Azkenik parte hartzaileak daude, benetako protagonistak. Aurten bi multzotan sailkatuko direnak: Entitateak batetik (elkarteak, enpresak, kirol taldeak, soziedadeak…) eta norbanakoak bestetik.
Lehen hauek irailaren 27a baino lehen eman behar dute izena lotura honetan, Euskaraldian entitate moduan parte hartzeko, eta izena eman ostean beren izena ikusgai egongo da webgunean.