Urola Garaia eskualdean 16 urtez azpiko gaztetxoek jasotzen duten kirol jardueren eskaintzan euskararen egoera nolakoa den ezagutzeko azterlan bat egin dute udaletxeek, euskara aholkularitza enpresa baten bitartez. Atzo bertan aurkeztu zitzaizkien emaitzak eta ondorioak Urretxu eta Zumarragako kirol elkarteei.
Bi herriotako hainbat kirol elkartetako ordezkariak elkartu ziren, EMUN enpresako Joseba Beltza teknikariak gidatu zuen aurkezpenean.
Eskualdeko kirol elkarteetan eta udalek eskaintzen dituzten kirol zerbitzuetan, betiere 16 urtez azpikoentzako kirol jardueretan, dabiltzan entrenatzaile, begirale, laguntzaile eta abarren euskara ezagutza eta erabilera jaso ditu azterlan honek. Baita ere jendaurreko ekitaldietan zein hizkuntza erabiltzen den.
Euskara aholkularitza enpresak egindako txostenak datu eta grafiko asko jasotzen ditu, baina badaude batzuk azpimarratzekoak direnak:
- Kirolari erabiltzaile kopurua: ia 1.700 gaztetxo
- Entrenatzaile, laguntzaile, delegatuak: 159
- Kirol ezberdinetan dauden talde/kategoriak: 110
Kirolarien entrenamenduetako hizkuntzari dagokionez, %61etik gora euskaraz egiten dituzte entrenamendu saioak.
Bestalde, 110 talde/kategorietatik, 73 taldek euskaraz entrenatzen dute, 20 taldek bi hizkuntzetan egiteko joera dute, eta beste 17 taldek gazteleraz.
Mila mila esker diagnostiko hau izatea posible egin duzuen talde guzti-guztiei!