Atzo arratsaldean bildu zen Urretxu-Zumarragako herri batzarra 2.Euskaraldiaren inguruko informazioa jaso eta hori baiezkoa edo ezezkoa ematera, eta erantzuna BAI izan zen, aho batez BAI EUSKARALDIARI URRETXU ETA ZUMARRAGAN.
Arratsaldeko 18:30ean 30 lagun inguru elkartu ziren Urretxuko udaletxeko atarian: elkarte ezberdinetako ordezkariak, ikastetxeetakoak, instituzio ezberdinetakoak edo era indibidualean zetozen norbanakoak; Euskaraldiaren 2.edizio honen aurkezpenean bildu ziren denak, ekimena gidatuko duen elhuyarreko teknikariarekin eta bi udaletxeetako euskara teknikariekin batera.
Bertan azaldu zen euskaraldiaren 2.edizioa 2020ko Azaroaren 20an hasi eta Abenduaren 3an amaituko dela, eta bereziki erakundeei zuzendua egongo dela. Aurreko edizioan gertatu zen moduan Ahobizi eta Belarriprest figurak izango dira protagonista; eta hauen rola ere berdina izango da, ñabardura edo berrikuntza batzuekin:
- Erakundeak izango dira protagonista, eta horrenbestez Euskaraldia 2020en izena eman beharko dute (enpresak, kultur elkarteak, kirol taldeak,...)
- Belarriprest figuraren definizioa aldatu da, hau indarrean jartzeko, prestigiatzeko eta jendeak behar bezala uler dezan, ikusi baita aurreko edizioan jende guztiak ez zuela ondo ulertu.
- Ariguneak sortuko dira erakundeetan; euskaraz lasai aritzeko guneak. Arigune hauek barne ariguneak edo kanpo ariguneak izan daitezke, eta batzarretan landuko den kontzeptua da.
Bigarren edizioa aurkezteaz gainera lehenengoaren inguruko hausnarketa bat ere egin zen, datuak eskuan hartuta, eta Urretxu-Zumarragako emaitzak partekatu zituzten euskara teknikariek, deigarrienak:
- Euskararen erabilera %7 igo zen Euskaraldia amaitu ondoren (EHko bataz-bestekoa %5,6 izan zen)
- Partehartzeileen %75 emakumeak izan ziren
- Belarriprest kopuru altua izan genuen gure herrietan
Bilerari amaiera emateko, Urretxu eta Zumarragak Euskaraldi honetan parte hartzeko borondaterik ote zuten galdetu zitzaion batzarrari eta honek BAIEZKOa eman zuen aho batez.
Hurrengo bilera bi hilabete barru izango da, ZATOZ ZU ERE!