Joan den ostiralean –otsailak 22-, Urretxuko Gorribide elkartean bildu ziren Mintzalaguneko 30 bat kide ikasturte honetako lehenengo lehiaketaren sari-banaketa ekitaldirako, eta, nola ez, elkarrekin tartetxo goxo bat pasatzeko.
Hamabi urte bete dira bi udalek, euskaltegiarekin elkarlanean, Mintzalagun programa martxan jarri zutela. Bertan, ikasturtean zehar, euskaldun zahar eta euskaldun berriak astero elkartzen dira euskaraz aritu eta ondo pasatzeko. Azken urteetan lehiaketatxoa ere antolatzen da, saritxoaren aitzakiara, talde guztiak biltzeko.
Ostiralean, mokadutxoarekin hasi aurretik, lehiaketaren 10 galderen erantzunak eman zituen Marijo Etxeberria udal euskaltegiko irakasle eta programaren koordinatzaileak. Edizio honetan, hamaika mintzalagun taldek hartu dute parte, eta horietatik seik erantzun zituzten zuzen galdera guztiak. Gauzak horrela, zozketa bidez aukeratu behar izan zen talde garailea, eta oraingoan KARAMELUAK taldeari tokatu zitzaion, lehen aldiz gainera.
Urretxu eta Zumarragako Udal ordezkarien eskutik jaso zuten herriko jatetxe batean gastatzeko 100 €-ko saria, gainerako parte-hartzaileen txaloen artean.
Irabazleen argazkiaren ondoren, udal ordezkari eta mintzalagunak mahai inguru ederrean jarraitu zuten zerbait janaz, berriketan.