Irimoko magalean ibilbideak

Ibilbidea 3: Arbeleta

Santa Barbara (aterpetxea) -Lizarriturri -Kurutzeta -Trekutz -Santa Barbara (aterpetxea)

Desnibela: 360 m
Distantzia: 6,96 Km

Aterpetxetik abiatuko gara Irimoko gailurrera, Arbeletara eramango gaituen bidetik. Eskuinetik gorantz doan pista zabala hartuko dugu.

Arkaitzaldean ezkerraldera bide berari jarraituz Lizartxoetara iritsiko gara. Segi bideari Iturraundiko hegiraino eta eskuinera hartu Lizarriturrira iritsi arte. Ur tragoa egiteko leku egokia da, hortik gora hasten baita benetako aldapa. Ezkerrera hartu eta bi txabolen arteko goranzko bideari batera utziz, segi Urkietaraino, beti ere goraka eta pauso lasaian, berehala dugu Kurutzea eta.

Kurutzen ikusmira ederra dago, behatoki paregabea, benetan: Izarraitz, Ernio, Aralar, Aitzgorri eta Aloña. Hartu astia eta gozatu. Ondoren, bidezidorretatik, eta ez beti leku egokitik, gailurrez gailur Arbeletako tontorrera (900 m.) igotzea izango da egitekoa, Trekutzeko zabalgunera hurbildu arte; urretxuarrok "zazpi punta" deitzen diogun "kresterian".

Arbeletatik aurrera Udalaitz eta Anboto izango ditugu bidelagun. Bastanixtazabaleko sakonera jaitsi eta Trintxulekuko harkaitzetara igo. Hara hor Antzuola eta Urretxun arteko mugak. Hori eta Mugarrisakonekoa dira Irimogainean Meakarantz dauden bi mugarriak.

Irimogainetik behera Trekutzera kontuz jaitsi. Mahai-artetik pasatakoan ezkerrera egin, eta aparkalekutik itzulerako bidea hartu. Zoru ona edozein garairako. 1,5 km. basoan barrena, tartean Kateaga erreka eta iturria, eta Luberrietako hegira iritsiko gara.

Lurrezko pistan Santa Barbarantz joko dugu, Deskargara joango baikinateke bestela. Errekagorria gurutzatu; eskuinera Beidarreko zelaiak; aurrealdean berriz, Mendisoroko lur-sailak eta Agerre baserria. Asfaltozko kaminoan sartuko gara eta 600 metrora aterpetxea dugu.

 

Urretxuko udala