Loraldia: Iparragirre, bihotzeko Jose Mari

Loraldia jaialdiaren "Iparragirre, Bihotzeko Jose Mari" antzerkilanaren estreinaldia Urretxun izango da.


 

Obra honek  Iparragirreren bizitzan nabarmendu ziren emakumeak bildu ditu eta sormenaren protagonistak (ama, emaztea, Parisen ezagutu zuen sopranoa, Manuela, alabak…) izango dira. Emakume hauek Iparragirreren bizipenak ekarriko dituzte gogora eta euren begirada eskainiko digute. XIX. mendeko gizartea (gerra karlistak, emigrazioa, euskaltasuna…) islatuko da bardoaren bizi-pasarteak errepasatuz.

Teatro-lanaren gidoiari dagokionez, emakumeek Iparragirreri bidalitako eskutitzek osatuko dute aktoreen testua. Fikziozko eskutitzak izango dira eta idazki guztien artean Urretxuko bardoaren biziaren puzzlea osatuko da.

Hiru emakume izango dira aktore-kantari lanetan: Joli Pascualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain. Iparragirreren aulkian, berriz, Angel Unzu gitarra-jotzailea izango da.

Aktoreek Iparragirreri bidalitako eskutitzak irakurriko dituzte eta baita bardoaren kantuak abestu ere. Beraz aktore-kantariak ditugu.

Anjel Unzuk, berriz, musika jarriko dio ikuskizunari gitarrarekin. Itzal luzeko musikari hau gitarra-jotzale bikaina da eta Iparragirreren sormen musikalari begirada garaikidea emango dio. Angel Unzu zuzen zuzenean joko du eszenatokian.

Denek Tanttaka Teatroaren Fernando Bernuésen zuzendaritza artistikoaren gidaritza pean lan egin dute.

 

Eskutitzen tesuak osatzeko hiru testugile bildu ditugu ekoizpen honetan: Aizpea Goenaga, Arantza Iturbe eta Iñigo Legorburu. Bi idazle gonbidatu ditugu: Aizpea Goenaga eta Arantza Iturbe. Biak eskarmentu handiko teatrogileak dira. Honez gain, Iñigo Legorburuk idatzi zuen “Ameriketatik” eskutitz saritua izango dugu abiapuntua.

Urretxuko udala