Urretxu eta
 Zumarragako Euskara 
Hitzaurrea
Sarrera
Metodologia

 

 Atalak
Fonetika-Fonologia
Azentua
Izenaren Morfologia
Aditzaren Morfologia
Sintaxia
Lexikoa

 

 Dokumentuak
Elkarrizketak
Argazkiak
Bibliografia

 

 Fonetika-Fonologia

"...Eskola fundamentuik batez,
eta iskeria re ba sukalden aittuta ikixi det..."

Atal honetan Urretxuko eta Zumarragako hizkeran bokalek eta kontsonanteek dituzten bilakaera fonetikoak dira aztergai. Honela bada, eta beti ere ahozko hizkeran oinarriturik, esandakoa nola esaten den aztertuko da ondoren, hau da, bokalak eta kontsonanteak nola esaten ditugun aztertuko dugu.

 Bokalismoa  Kontsonantismoa
  1. Aldaerak
  2. Diptongoak
  3. Hiatoak
  4. Bokal geminatuak
  1. Herskariak
  2. Dardarkariak
  3. Albokariak
  4. Sudurkariak
  5. Igurzkariak
  6. Txistukariak
  7. Sabaikariak
 Kontsonantismoa

 6.- Txistukariak

Ahoskatzean txistuaren antzeko hotsa egiten dutenak kontsonante txistukariak dira. Horien taldean bi azpisail topa ditzakegu: frikariak[18] (z,s,x) eta afrikariak [19] (tz,ts,tx).

a) Aldaerak:

  •  Txistukarien bi sailen arteko neutralizazioa: Nahiz eta soinuak ezagunak izan, ez dira beti ondo bereizita agertzen. Hiztun askok nahasi egiten dituzte z eta s, eta s aren aldeko neutralizazioa egiten dute. Bestalde, ts eta tx-ren artean ere tx ren aldeko neutralizazioa nabari da. Honela, bereizketa gordetzen duten formak eta forma neutralizatuak topa ditzakegu. Bilakaera hau arruntagoa da hiztun edadetuen artean, Irene Hurtadok dioen bezala, " gaur egun gazteek bereizketa egiten ikasi dute."[20] Dena dela, ez da egoera konkretuetan gertatzen den zerbait, hiztun berak forma neutralizatuak zein neutralizatu gabeak erabil baititzake. Lanaren hasieran aipatu ditugun azterketetan ere ez da aipatzen gertakari hau, eta Erizkizundi Irukoitzak 1927an jasotako erantzunetan ere ez da neutralizazio honen aldeko adibiderik ageri. Hala ere, eta jasotako laginetan hala ageri denez, hona hemen lehia honen zenbait adibide:

    Frikariak:

    Herskari aurrean:

    Neutralizazioa: gastejendia/ mostutakok/ Biskaialde/ askeneko/ gastaiñegurra/ sorrosketak/ baskariya/ mouskoa/ narruskua/ gaiski/ aispa/ iskutun/ udaskenen

    Bereizketa gorderik: aizpak/ egurrezko/ arrizko/ azpin/ gizonezkonak/ jaztekok/ euzkiya/ azkenaldea/ ezkiñan/ iraazten/ ezkondu/ gaztaña/ gazteik/ Kizkitzan 

    Gune honetan herskari aurreko afrikariak, afrikatu egiten dira:

    hots+ka —> oska

    Ez partikularen inguramendua:

    Neutralizazioa: estaitt/ esto (ez du)/ eskendun (ez genuen)/ eskio (ez gero)/ estailla (ez dadila)/ estezue...

    Bereizketa gorderik: eztaizertzuk/ eztetuste/ eztakitt/ ezkendun/ ezkiñan/ ezpalinbazeon/ ezteiñ/ eztiat/ ezta/ ezkeo/ eztet/ eztiñ/ eztik/ eztiau/ eztek ...

    Atzean herskaririk ez dela:

    Neutralizazioa: sendun/ selako/ sikiña/ seose/ subana/ sekula/ gisona/ bakisu/ rasionauta/ sorrosketak/ seamarra/ Sestona/ basian/ saunkaz...

    Bereizketa gorderik: zaar/ zu/ zemat/ Zumarra/ zapatua/ izuarrizko/ gizona/ izarak/ ezer/ zezenak/ zapatak/ mezia...

    Instrumentala:

    Neutralizazioa: berris/ gaues

    Bereizketa gorderik: berriz/ gauez/ kontuz/ aldiz/ eskuz/ muturrez/ ankaz/ buruz/ edadez/ ortaz/ saunkaz/ euskeraz/ erderaz/ gizonez/ janez/ trastez...

    Afrikariak: [21]

    Neutralizazioa:


    erakutsi —> eakutxi
    pentsatu —> pentxau
    erautsi —> erautxi

    Bereizketa gorderik: baatzea/ pentsau/ otsaila/ garbantzuk/ atsalden/ utsa/ autsa/ batzuk/ lotsa/ otsein/ eatsi...

    Hitz haserako txetxekari afrikariak: Aztergai dugun eremuan joera arrunta da hau. Hona hemen zenbait adibide:

    txapela/ txerriya/ txintxillik/ txakurra

  •  Sandhiak: Hauek hitzen eta morfemen hasiera–amaieretan, eta batzuetan hitz barruan ere bai, gertatzen diren aldaketa fonetikoak dira. z eta s txistukari igurzkariak zenbait ingurutan afrikatu egiten dira. Adibidez, l ondoren z > tz bihurtzen da : ahal zen > aaltzan. Frikaritzen eragiten duen inguruari sandhi deituko diogu. Badirudi txistukarien sandhiak mendebalean ez ezik, euskal lurralde osoan gertatzen direla, nahiz eta erdialdean izan indarrik gehien.

    Kasu honetan bi ingurune aztertuko ditugu:

    n, l,eta r ondoan

    ez + z ingurua

n, l, r ondoan: Inguru honetan z >tz eta s >ts bilakaerak gertatzen dira. Hitz mugako sanhdietan bilakaera oso azkarra da, aditz mugan batez ere. Hitz barnean eskasagoa da, eta zenbaitetan kontrako adibideak ere aurkitu ditugu.

n+z, s:

Hitz barnean: Kantzontzillo/ residentziñ/ espeantzia/ pentsau/ garbantzua/  dantza/ kontzientzi

Hitz mugan: Eittentzan/ eamatentzuen/ esatentzitzakon/ pintzentzan/ ertetzentzon/ jutentzan/ an tzan/ ondon tzegon/ jardun tzuen/ ez men tzeon (ez omen zegoen)

l+ z, s:

Hitz barnean: Kaltzontzillo/ dultziñajotzaillia/

Hitz mugan: Motiltzarrai/ iltzan/ altzan

r+z, s:

Hitz barnean: Bartzelonan/ bertsolarik/ almuertzo

Hitz mugan: In bar tzonak/ in bar tzian/ bar tzon/ jun bar tzea zu

ez + z ingurua: Adizkiei dagokienez, frikaritzea erabatekoa dela esan dezakegu:

etzeon/ etzala/ etzakit/ etzan/ etzion/ etzuen / etzian / etzeukiat/ etzaiñ/ etzoan/ etzitzaian...

Gogora dezagun ez + n ingurunean en- dugula ondoriorik ohikoena:

enauk/ eneuken/ enonaitta (ez nuen nahi eta)/ enitzen/ enon

Hala ere, badira salbuespenak: ez non/ ez neuken


[18] Igurzkariak
[19] Kontsonante afrikariak hasieran herskariak eta azkenean igurzkariak dira.
[20] Hurtado, I. Goierriko eta Tolosalde Hegoaldeko hizkerak. 2001(72. orr)
[21] Kandido Izagirrek honela transkribatzen ditu Urretxuko adibideak. Hona hemen, "Iztegirako gaiak" artikuluan bildutako zenbait hitz: bildotxa/ etorri beera jaatx!/ lokametxa. Bestalde "Notas lexicográficas" artikuluan honako adibide hau aurkitu dugu: guntxurrunak
Gora
 
 



Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea

Labeaga 12, behea.
20700 Urretxu (Gipuzkoa - Euskal Herria)
.
Telefonoa: (+34) 943036474