|
Sarrera |
"...Inork ez zidan esan euskaldun
izatea zein nekeza den,
hobe nuela hautatzea Munduko hiritar izatea..."
R. Ordorika
Aspaldian izan zuten euskal idazleek euskalkien
berri, eta baita horri buruz hitz egin ere. Batzuk aipatzearren,
XVI. mendean Leizarragak "...bat bederak daki Euskal Herrian
kasi etche batetik berzera ere mintzatzeko maneran zer diferentzia
eta dibertsitatea den..." zioen bitartean, geroago Axularrek
honakoa plazaratu zuen: "...zeren anhitz moldez eta diferentki
mintzatzen baitira Euskal Herrian. Nafarroa Garaian, Nafarroa
beherean, Zuberoan, Laphurdin, Bizkaian, Gipuzkoan, Alaba–herrian,
eta bertze anhitz lekhutan."
Hala ere Larramendi izan zen, Oihenartekin batera,
hizkerak sailkatzen hasi zena. Corografía o descripción
general de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa
(1756) liburuan sei euskalki bereizi zituen: zuberera, lapurtera,
bizkaiera, nafarrera, arabera eta gipuzkera. Azken hau bi euskalkitan banatu zuen. Zenbait ezaugarri eman ondoren,
Goyerri eta Beterri izenak erabili zituen banaketa
egiteko.
Loucien Bonaparteren
Euskalkien Mapa
|
Dena dela, euskal dialektologiaren esparruan aurrerapen
handienak XIX. mendean heldu zitzaizkigun, Luis Luciano Bonaparte
printzearen eskutik. Oraintsu arte erabili den euskalkien
banaketa egin zuen Bonapartek. Bere ikerketarako lankide batzuk
izan zituen, eta horien zeregina zen doktrinak, Bibliako pasarteak
eta beste mota bateko itzulpenak bakoitzak bere hizkeraz egitea.
Horrela, euskararen lurraldea osatzen zuten hirurogei bat
herri eta bailaratako testu idatziak lortu zituen.
Lan horietatik lortutako informazioa konprobatzeko,
zenbait bidaia egin zituen (1856, 1857, 1866, 1867, 1869).
Lehenengo biak mugak finkatzeko erabili zituen, eta ondorengo
hirurak euskalkiak bereizteko. Sailkapen lan honetarako lau
saio burutu zituen: lehenengoa 1861–63 bitartean, bigarrena
1864–65 urteetan, hirugarrena 1866–68 tartean eta azkena 1869an
egin zuen. Ondorioz, Euskal zazpi probintzien mapa, euskararen
gaurko mugak erakusten direlarik; eta dialekto, azpidialekto
eta hizkera desberdinekin lana aurkeztu zuen.
Gipuzkoan hitz egiten den hizkerak zenbait aldaketa
izan ditu saio batetik bestera. Hasieran ez zuen Burunda ingurua
gipuzkeratzat hartzen, eta Irun eta Hondarribia bai. Bigarren
saioan Burundako hizkera gehitu zion, hirugarren bidaian gipuzkerak
ez zuen aldaketarik izan, eta azken saioan, laugarrenean,
gipuzkerari honako azpisailkapena egin zion:
-
Iparraldekoa:
-
Hegoaldekoa:
-
Nafarroakoa:
Lan honetan aztergai ditugun herriak, Azpeitiko taldean
sartu zituen Bonapartek, baina Zegamako hizkeraren muga, oso
gertu, Legazpi eta Urretxu-Zumarraga artean jarri zuen.
Azkuek sailkapen horri zenbait aldaketa egin zizkion:
erronkariera euskalkitzat jo, mendebaleko eta ekialdeko behe-nafarrerak
bakar batean bildu, baita iparraldeko eta hegoaldeko nafarrera
garaiak ere. Azken finean, gure inguru honek ez zuen aldaketarik
jasan.
Gerhard Bärh euskaltzale alemaniarrak ere, Bonaparteren
lana oinarri zuela, Flexiones verbales de uso actual en
Legazpia (Goyerri) lanean honako hau dio:
"...La variedad
de Legazpia forma parte del subdialecto meridional de Guipúzcoa
(según Bonaparte), cuyo extremo occidental ocupa. Colinda
en el sur con el monte Aizgorri; en Este con las variantes
guipuzcoanas de Cegama y Gaviria; en el Norte con una variedad
del subdialecto central guipuzcoano, el de Azcoitia, que se
prolonga a traves del angosto valle del Urola hasta Zumárraga..."
(95. orria).
Beraz, herri hauetako hizkera Azkoitiko taldean sartzen
zuen.
Sailkapen hori Yrizarren lanarekin aldatu zen. Bonapartek
Azpeitiko hizkeran sailkatu zituen Zumarragako eta Urretxuko
hizkerak (Aginaga auzoa barne), Zegamako hizkeran sartu zituen
Pedro de Yrizar azkoitiarrak. Aldaketa egiteko arrazoi nagusia,
hizkera horrek aditzaren morfologian Zegamako hizkerarekin
duen parekotasuna da.[1]
Ondorengo mapak Yrizarrek proposatutako aldaketa erakusten
du.
Goierriko hizkera - Yrizarrek
egindako proposamena
|
|
Ikus daitekeenez orain arteko azterketek Bonaparteren sailkapena
oinarritzat zuten, eta hala izan da oraintsu arte. Koldo Zuazok
1998. urtean Bonaparteren lana aldatu zuen banaketa berria
aurkeztu zuen. Aldaketa nagusienak, terminologia mailakoez
gain (mendebaleko euskara, erdialdeko euskara, nafar–lapurtera,
nafarrera eta ekialdeko nafarrera, eta zuberera izendatzen
ditu), Burundako hizkerari, Nafarroako mendebaleko hizkerei,
eta tarteko hizkerei dagozkienak dira. Burundako hizkera tarteko
hizkera dela dio, Nafarroako mendebaleko hizkerak erdialdeko
euskararen barne kokatzen ditu, eta tarteko hizkeratzat ditu
Debabarreneko Mutrikukoa, Mendarokoa eta Elgoibarkoa (orain
arte gipuzkeraren barne zirenak).
Gipuzkerari helduz, Koldo Zuazok, banaketa bikoitza
egitea proposatu zuen: Iparra/hegoa batetik, eta sartaldea/sortaldea
bestetik.
"Euskara
giputzaren barruan, beraz, banaketa bikoitza egin daiteke:
Iparraldea/ hegoaldea banaketa batetik, alegia, Goierri eta
Toloserriko hegoaldeko hizkera batzuk Gipuzkoako gainontzekoetatik
bereizten dituena; eta sartaldea/sortaldea banaketa bestetik,
gutxi gorabehera Zumaia–Aizarnazabal–Zestoa–Errezil–Azpeiti
eta Goierrin barrena datorren lerroaren arabera egin litekeena;"
(Zuazo. K. Euskalkiak gaur. 227. orria)
Hona hemen Koldo Zuazok aurkezten duen euskalkien
banaketa:
Argitaratu berri duen azken lanean, Koldo Zuazok Gipuzkera
osatzen duten azpieuskalkien sailkapena egiten du. Zuazoren
arabera gipuzkera hiru azpieuskalkik osatuko lukete: erdiguneko
azpieuskalkia, sortaldekoa eta sartaldekoa. Lehenengoa
Beterri eta Tolosaldean hitz egiten dena litzateke, bigarrena
Oiartzun, Hondarribia eta Irun biltzen dituena, eta azkena
Goierrin eta Urolaldean hitz egiten dena. Nortasun beteko
hizkera omen da Goierrikoa, baina gainerako eskualdeekiko
loturak ere ba omen ditu:
"... Dena dela, Goierri ere ez dago Gipuzkoako gainerako
eskualdeetatik erabat bereizita. Gaur egun, behinik behin,
Abaltzisketak eta Ikaztegietak egiten dute Goierri eta Tolosaldearen
arteko lotura, eta Urretxuk eta Zumarragak, berriz, Goierri
eta Urolaldearen artekoa." (Zuazo, K.Euskalkiak herriaren
lekukoak. 138.orria)
Zuazoren arabera bi herri hauetako hizkerak Goierriko
hizkera eta Urolaldekoa lotuko lituzke.
Bukatzeko, Jose Luis Ugarte Garrido legazpiarrak ere,
bere Urretxu eta Zumarragako toponimia lanean, hizkuntza
irizpideak aipatzen dituen atalean, Urretxun eta Zumarragan
bokalek Goierrin ez bezala jokatzen dutela dio.[2]
Hori azaltzeko hiatoetan tartekatu ohi diren kontsonante epentetikoen
auzia darabil.
Koldo Zuazoren Euskalkien Mapa
|
Urretxuri eta Zumarragari buruz ari garenez, eta dialektologia
hizpide izanik, Aita Kandido Izagirreri ere lekua egin behar
diogu lan honetan.
Kandido Izagirre (1913–1967) Urretxuko Ipeñarrieta baserrian
jaio zen, baina Arantzazuko santutegian eman zituen bere urterik
onenak, Latin-irakasle (1937-1949, 1952-1965), eta Erretoreorde
ere izan zelarik (1945-1949, 1952-1958); aldi batez, baita
Foruako Erretore ere (1949-1952). Hala ere, Kandidok zuen
zaletasunik handiena euskara zen, eta horren adierazgarri
dira utzi dizkigun lanak. Hona hemen argitaratu diren hainbat
lan: Erronkariko euskal–ondakin batzuk; Iztegirako gaiak;
Altsasuko euskeraren gai batzuk; Tolosako euskeraren iztegirako
gaiak; Oñatiko liñagin iztegitxoa; Notas lexicográficas; Antzuolako
euskera; Ultzamako euskeraren gai batzuk, eta ezagun egin
duen El vocabulario vasco de Aranzazu – Oñate y zonas colindantes.
Lan hauek Anejos del Anuario del Seminario de Filología
Vasca "Julio de Urquijo", Boletín de la Real Sociedad
Vascongada de los Amigos del País, eta Euskera
aldizkarietan argitaratu zituen.
Goian aipaturiko lan hauei beste bi gehitu behar zaizkie.
Batetik Aita J.M. Zabalari buruz egindako saiakera bat Frantziskotar
teologi ikasleen aldizkarian 1935. urtean argitaratu zuena,
eta bestetik "Lo que los predicadores podrían contribuir a
los estudios vascológicos" izeneko artikulua, Cantabria
Franciscana aldizkarian 1961. urtean argitaratu
zuena. Bertan, euskararen egoeraren azterketa labur bat egiten
du, eta erlijio munduan aritzen direnek euskararen alde egindako
lanak aipatzeaz gain, aurrerantzean nola joka dezaketen adierazten
digu ("Izan gaitezen gu ere erleak bezela" esaldi honekin
ematen dio amaiera artikulu honi).
Kandidok zuen lan metodologiari buruzko berri bere lagun
min izan zen Aita Julian Alustizak eman digu, eta haren esanetan
igandero, meza bukatu ondoren, "Arantzazuko zaharrak" biltzen
omen zituen Ikastetxe zaharreko atarian, eta han aurrez prestaturiko
galdeketa egiten zien. Datuak, hasieran arkatzez jasotzen
omen zituen, baina aurrerago magnetofoia ere erabili omen
zuen.
Kandido Izagirre
|
Julian Alustizak adierazi zigunez, Kandidoren ardura nagusia
hitzak ziren, eta azken aldian garrantzia handia azentuari
eman omen zion. Dirudienez, Julian eta biak, Erronkarira egindako
bidaiaren ondoren, liluraturik etorri ziren bertako hizkerak
zuen azentuarekin, eta bidaia horren ondorioa omen zen azentuarekiko
grina hori. Julian Alustizaren esanetan Kandidok oso zuen
maite euskara, eta hizkuntza horren atzerakadak min handia
egiten omen zion. Hona hemen Aita Alustizaren hitzetan Arantzazuko
San Juan baserria hustu zenean nahigabez beterik esan zuena:
"Gaztelu bat gutxiago euskerarentzat".
Harrigarria dirudien arren, etxeko euskarari buruz
ez zuen ezer askorik argitaratu, elkarrizketetan bere senideek
adierazi digutenez, urtero egin ohi zituen bixitetan
galdera asko egiten zizkien, eta apunte asko jaso omen zuen.
Dena dela, goian aipaturiko Notas lexicográficas eta
Iztegirako gaiak lanetan, Antzuolan jasotako hainbat
hitz biltzen ditu, eta zenbaitetan hitz horiei Urretxuko baliokideak
jartzen dizkie.
|
|