Urretxu eta
 Zumarragako Euskara 
Hitzaurrea
Sarrera
Metodologia

 

 Atalak
Fonetika-Fonologia
Azentua
Izenaren Morfologia
Aditzaren Morfologia
Sintaxia
Lexikoa

 

 Dokumentuak
Elkarrizketak
Argazkiak
Bibliografia

 

 Fonetika-Fonologia

"...Eskola fundamentuik batez,
eta iskeria re ba sukalden aittuta ikixi det..."

Atal honetan Urretxuko eta Zumarragako hizkeran bokalek eta kontsonanteek dituzten bilakaera fonetikoak dira aztergai. Honela bada, eta beti ere ahozko hizkeran oinarriturik, esandakoa nola esaten den aztertuko da ondoren, hau da, bokalak eta kontsonanteak nola esaten ditugun aztertuko dugu.

 Bokalismoa  Kontsonantismoa
  1. Aldaerak
  2. Diptongoak
  3. Hiatoak
  4. Bokal geminatuak
  1. Herskariak
  2. Dardarkariak
  3. Albokariak
  4. Sudurkariak
  5. Igurzkariak
  6. Txistukariak
  7. Sabaikariak
 Bokalismoa

 2.- Diptongoak

Silaba bakar batean bi bokal batera agertuz gero, diptongoa dugula esaten da. Euskaraz diptongoak "beheranzkoak" direla esan ohi da, hau da, bigarren osagai gisa u edo i daukatenak:

a) Beheranzko diptongoak:

/au/eu/ai/ei/oi/

Diptongo horietako asko bokal arteko kontsonante bat galdutakoan sortu dira (batez ere b, d, g, t edo r). Mota honetako diptongoak izendatzeko Mikel Olanok[9]erabilitako hitza hartuko dut, " diptongo berriak" hain zuzen ere.

  •  AU diptongoa:

    Zenbaitetan au diptongoa murriztu egiten da, hau da, bokal bihurtzen da:

— au > o:

hauek > ok (baita gainontzeko deklinabide kasuetan ere: okin/ otaa.. Erakusle indartuetan ere monoptongatu egiten da: otxe danak...)

au > a:

Zenbait aditz laguntzailetan nabari da murrizketa hau:

nazu/ nazue

Hala ere hikako formetan eutsi egiten zaio diptongoari:

 nauk/naun

Bestalde, EGON aditzaren indikatiboko zenbait formetan murrizketa gertatzen da:

daude —> dare
gaude —> gare
zaude —> zare

Kasu bakan batzuetan, diptongoaren bigarren osagaia b bihur daiteke: gaben, mekaben

adib:

"...gaben ordubittan andi torri ta sartu nitzan aizpan etxen oiyan..."
"...guk etaatze genduzen izardik ... mekaben [10]..."

 

  •  EU diptongoa:

    Diptongo honek ere zenbait murrizketa izan ohi du:

          — eu > e:

EGON aditzaren lehenaldiko eta alokutibo formetan murrizketa gertatzen da:

zeudek —> zerek
zeuden —> zeen
geunden —> genden

Hirugarren pertsonako izenordain indartuetan ere murrizketa gertatzen da:

eurekin —> erakin
eurek —> erok

  •  AI diptongoa:

    Diptongo hau ere murrizten da zenbaitetan:

    — ai > i:

bezain —> beziñ
dultzaina jotzailea —> dultziñajotzaillia

— ai > a:

Aditz languntzailean gertatzen da:

zait —> zat
zaizu —> zatzu

  •  EI diptongoa:

    Batzutan ee hiatotik > ei diptongorako pausoa egiten da:

    kea —> keiya
    mehea —> meiya
    behean —> beiyan

    ei > i murrizketa gertatzen da ondorengo kasuetan:

    egin —> in
    behintzat —> bintzet
    edozein —> eoziñ

    Hala ere, ondorengo adibidean ei > e gertatu da:

  • zeinek —> zenek

Askotan diptongoaren bigarren osagaiak hurrengo kontsonantea busti egiten du: zeñentzako

ei diptongoak e ematen du "hogeita" zenbakia esaterakoan; hogei esaten bada ere, ta eranstean diptongoa galdu egiten da:

    oetaseibat urte/ oetabost/ oetamazazpi/ iruroetamarra...

  •  OI diptongoa:

— Euskal Herriaren erdialdeko hizkeretan bezala, zona honetan on(e) > oi bilakaera gertatu da:

bidoi/ kajoi/ jaboi/ trumoi/ barriñoi/ koltxoi/ prestoi/ arratoi/ arrazoi/ sasoi...

Hala ere, oe forma gordetzen duten hitzak aurkitu ditugu:

"...eta jakiña ura umia gaurkua isin izan balitz e asmauko zon beetzako gordetzen baña kajoera botatzea men tzijon da esa men tzion e" Maria Joxepa! Ez! Ori zeutzako eman dizut e! Ori ez da kajoerako..." (E.A Urretxu)

b) Goranzko diptongoak:

/ ja, je, jo,wa,we / dira goranzko diptongoak.

Aditu askoren ustez euskarari arrotzak zaizkio, eta gehienetan maileguz hartuak dira (korrientekiñ/ igual/ rasionauta/ Joxemiel/ kuadrillan/ buelta/ setiembre/ juerga).

Hala ere salbuespenak badira:

eguardi/ Lakiolakok

Gaztelaniaz, ordea, goranzko diptongoak erruz agertzen dira, eta inguru honetan hitz horiek aldatzeko joera dute euskaldunek. Aukera bat gaztelaniaz diptongo dena, euskaraz monoptongatzea da, hau da, bokal bakar batez ordezkatzea:

merienda —> merinda
escuela —> eskola
me acuerdo —> akordatze nauk
puerro —> porru

Zenbait kasutan, eta lehen aipaturiko arroztasunari loturik, zenbaitetan hiztunek maileguak eraldatu egiten dituzte era honetan:

guante —> goante
aguantar —> agoantau

Kasu hauetan diptongoaren lehen osagaia maila batean ireki egiten da, eta hiatoa balitz bezala ahoskatzen da, hau da bi silabatan:

a-go-an-tau
go-an-te

Osterantzean, goranzko diptongo hauek bi silabatan ahoskatzen dira, hiatoak bailiren:

errotia/ erropia/ ibiltze zien/ afizio/ infezioa...


[9] Olano, M (1998). Areso eta Leitzako hizkerak (78. orr)
[10] " Hay casos aislados de consonantización de un segundo elemento de diptongo ante consonante continua. Hay ejemplos aislados en zonas como Guipúzcoa" . Mitxelena,K. FHV. (90. orria)
Gora
 
 



Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea

Labeaga 12, behea.
20700 Urretxu (Gipuzkoa - Euskal Herria)
.
Telefonoa: (+34) 943036474