Urretxu eta
 Zumarragako Euskara 
Hitzaurrea
Sarrera
Metodologia

 

 Atalak
Fonetika-Fonologia
Azentua
Izenaren Morfologia
Aditzaren Morfologia
Sintaxia
Lexikoa

 

 Dokumentuak
Elkarrizketak
Argazkiak
Bibliografia

 

 Hitzaurrea

Zintzo-Mintzo Elkarteko kideok aspalditxotik genuen buruan Zumarragako eta Urretxuko euskara jasotzeko asmoa. Izan ere, duela urte batzuk toponimia lanarekin oso esperientzia ona izan genuen eta, hori horrela, berriz ere beste beka deialdi bat egitea pentsatu genuen. Izenburuak zioen bezala ("Kultura ondarea eta hizkera jasotzeko beka"), gure hizkuntza jasotzeaz gain, bertako istorio eta kontakizunak bildu nahi genituen. Ordurako batzuk jasota genituen lehen aipaturiko toponimia lanean, eta bagenekien altxor handia geneukala esku artean.
Egin klik handiago ikusteko

Goldean
Ipeñarrieta baserria
—© Jose Luis Ugarte
(1998)—

Era berean, bertako euskaldun ia elebakarrak, euskara etxean jasotakoak, etengabeko transmisio baten ondorengoak, belaunaldiz belaunaldi jasotako hizkuntzaren jabe zirenen hitzak jaso nahi genituen. Egia da Urretxu eta Zumarraga ez direla bereziki eta soilik nekazaritzatik bizi izan; badute aspaldian eratutako hirigunea eta industria jarduera, eta euskara eta gaztelania, batez ere azken bi mendeetan, parez pare bizi dira, etengabeko zurrunbiloan. Horregatik, euskararen transmisioa gardenago gorde den erraietara, landa giroko herritarrengana jo nahi genuen, baserrietako txokoetara hurbildu nahi genuen, gure hizkuntza hain kutsatua izango ez zuten esperantzarekin.

Lehenbailehen egin beharreko lana zen, hizkera kutsatu gabeko jendea harrapatzeko, eta, euskara batuaren eta etxeko betiko euskararen artean ondo bereizten dakitenen senaz jabetzeko. Gure hizkuntza bizia izan dadin, guk, batuarengandik hain hurbil gaudenok, tradizioz esan eta jaso diren forma jatorrak transmititzen eta erabiltzen jakin behar genuke. Izan ere, ez da gauza bera testuinguru formal batean edo testuinguru informal batean hitz egitea. Hizkuntza egokitzen jakin behar dugu, eta euskaldunok ere halaxe egin dugu mendeetan eta mendeetan beste edozein herrialdek bezalaxe, baina gaur egun gure haur eta gazteek hizkuntza estandarra bakarrik ezagutzen dute, aukera gutxi dute beste eredu batzuk jorratzeko, eta, ondorioz, askotan erdarara jotzen dute lagunarteko hizkeran. Hona, bada, aukera ezin hobea esparru hori aberasteko, lantzeko edo, besterik ez bada, ezagutzeko.

Bestalde, bagenuen jakin-mina hemengo eta horko hizkeraren ezaugarriak eta ezberdintasunak ezagutzeko. Jakin bagenekien aldea zegoela Santa Barbara aldeko eta Antio edo Aginaga aldeko hizkeran, baina ezberdintasunak zein ote dira zehatz-mehatz?

Jakin-mina genuen, baita ere, garai bateko kontu zaharrak ezagutzeko (ohiturak, usadioak, tradizioak, usteak, festak, erromeriak, bizimodua...) eta adineko jende jatorrarekin aritu gara hizketan, kontu zaharrak berritu nahian. Hain aldakorra den gizarte honetan, hain azkar mugitzen den mundu honetan, erronka berriei heldu behar zaien garai honetan, gure sustraiak ezagutzeak, hau da, mendez mende iritsi zaizkigun ohiturak ezagutzeak aberastu, lagundu eta bidea erakuts diezaguke. Gure herri txiki honek mendez mende irauteko izan duen trebeziaren eta abildadearen sekretua hor baitago.

Denbora luze joan zaigu abiatu ginenetik, baina azkenean eskuartean dugu nahi genuena.

Lan hau lehen urratsa da, atzetik etorriko diren ikertzaileentzako oinarri eta abiapuntu. Izan ere, horrelako lanak amaitu ezinak izaten dira; beti geratzen da zer edo zer jasotzeko, aztertzeko, begiratzeko... Orri hauetan dagoena grabazio ordu askoren ondorioa dugu, baina hor geratuko dira grabazio horiek guztiak aurrerago ere ikertu ahal izateko; beraz, altxor zati bat bizi-bizirik zintatan jasota geratuko zaigu.

Liburua eta CDa, CDa eta liburua; tradizioa eta teknologia berriak uztartu nahi izan ditugu, batean eta bestean jasotakoak zahar eta gazteentzako gozagarri izan daitezen. Era honetan edonork entzun ahal izango ditu aukeratutako grabazio batzuk.

Xabier Lasa

Otamotz artikulua
—2004ko urtarrila
(93. alea)—

Batzuek aditzaren taulei erreparatuko diete; beste batzuek, hiztegiari edo esamoldeei; argazkiak begiratzea izango dute beste batzuek gustuko, eta zergatik ez, beste batzuek, agian, nahiago izango dute baserritar jatorren ahotsa entzutea eta horien kontu zaharrak gogora ekartzea.Argazkien inguruan bi hitz esan nahi genituzke; lana aurrera zihoan heinean hasieran osagarri izan behar zuena pisua hartzen joan da; argazkiak eta irudiak aukeratzerakoan saiatu gara duela gutxi ateratakoak eta aspaldikoak txertatzen. Horretarako bai bertako argazkilariak eta argazki zaleak, Carlos Mediavilla, Paco Vierbücher, Jose Luis Garmendia, Eva Aztiria, Lurdes Etxaniz, ..., eta bai Legazpiko ikerlari eta adiskide dugun Jose Luis Ugartek toponimia lanerako bildutakoak izan ditugu bide lagun. Herritar bat baino gehiago seguruenik harritu egingo da bere familiako argazkiak bertan ikustean, baina pentsa dezala gure historiaren zati bat direla bere sendikoak, eta gure omenaldi xumea eskaini nahi geniekeela. Izan ere, izan zirelako gara eta garelako izango baitira, hau da, euskaldun hiztun osoak izanik lortuko dugu ondorengoak ere izatea, bizitzarako esparru guztietan hizkuntza erraz, aberats eta osatua erabiliz eskaini ahal izango dugu altxorra bere osotasunean. Jose Saramago idazle ospetsuak bere liburu batean honela idatzi zuen:

"Nunca he sentido afecto a esa vanidad necrófila que lleva a tanta gente a inquirir el pasado y a quienes pasaron buscando las ramas y los injertos del árbol que ninguna botánica menciona: el genealógico. Entiendo que cada uno de nosotros es, por encima de todo, hijo de sus obras, de lo que va haciendo durante el tiempo en que por aquí anda".

"Inoiz ez dut maite izan hainbeste jende iragana miatzera bultza duen harrokeria nekrofilo hori, ezta botanikan aipatzen ez den zuhaitzaren —zuhaitz genealogikoaren— adarrak eta txertaketak atzeman nahian ibili direnak ere. Gutako bakoitza, beste ezer baino gehiago, bere ekintzen seme-alaba dela uste dut, hemen dabilen denboran egiten duen horren seme-alaba".

Bestalde, badakigu liburu hauek ez direla izaten askotan irakurterrazak, baina saiatu gara hiztegi teknikoari azalpen zabalak ematen ulergarriago egiteko, beti ere irakurleari lana erraztu nahian; hala ere, ez da erraza aniztasun zabal horri erantzutea.

Modu batera edo bestera, gustuko izan ditzazuela eskuartean dituzuen liburua eta CDa.

Denboraldi honetan joan ere joan zaizkigu berriemaile batzuk; jator askoak, gainera. Baina gure artean ez dauden arren, zorionez hortxe geratu da jasota euren ahotsa, euren jakinduria eta kontatzeko grazia.

Esker mila guztiei; baita egileari, gainbegiraleei, udalei, herri-erakundeei, argazkiak utzi dizkiguten guztiei, eta euskalkien inguruan lanean zabiltzaten guztioi ere, euskara bizirik mendez mende erabili eta erabiltzen duzuen guztioi.

 

Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea
Zintzo-Mintzo Euskaltzale
Elkartea




Gora
 
 

Antolatzailea

Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea  



Laguntzaileak

Urretxuko Udala Urretxuko
Udala
Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundia
Zumarragako Udala Zumarragako
Udala
Eusko Jaurlaritza (Kultura Saila) Eusko Jaurlaritza (Kultura Saila)
Kutxa Fundazioa Kutxa Gizarte-ekintza  
Gora
 
 



Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea

Labeaga 12, behea.
20700 Urretxu (Gipuzkoa - Euskal Herria)
.
Telefonoa: (+34) 943036474