|
Fonetika-Fonologia |
"...Eskola fundamentuik batez,
eta iskeria re ba sukalden aittuta ikixi det..."
Atal honetan Urretxuko eta Zumarragako hizkeran bokalek eta kontsonanteek
dituzten bilakaera fonetikoak dira aztergai. Honela bada, eta beti
ere ahozko hizkeran oinarriturik, esandakoa nola esaten den aztertuko
da ondoren, hau da, bokalak eta kontsonanteak nola esaten ditugun
aztertuko dugu.
|
Hitz jakin batek hartzen dituen itxura desberdinak dira aldaerak.
Horiek arau multzo batzuek sortzen dituzte:
a) Irekidurak:
Zenbaitetan arrazoi fonetiko edo morfologikoen ondorioz, zenbait
aldaera sortzen dira:
- Zenbait kasutan <rr> azkarraren aurrean e
bokala ireki egiten da, eta ondorioz -err > -arr bihurtzen
da[1]. Adibidez:
baserri > basarri
eguerdi > eguardi
pitxer > pitxar
izerdi > izardi
Hala ere, aldaketa hori ez da beti gertatzen, beste zenbait adibidetan
ez da horrelakorik: erdi; berdin; berriz; txerriya;
- e> a / - l: l kontsonante
albokoak e, a bihurtzen du, asimilatu egiten du
[2].
elkarrekin > alkarrekiñ
teilatu > tallatu
Hala ere, honako hau ere ez da erabatekoa, bestelako adibideak
ere aurkitu baititugu: beltz...
Kasu batzuetan hitz amaierako e> a bihurtzen
da:
arkume > arkuma
emakume > emakuma
andre > andra
Grabaketak egiterakoan elkarrizketatu batzuek horrelakoak egiten
zituzten, baina beste batzuk ez, nolabaiteko alternantzia nabari
delarik. Horri buruz, Koldo Mitxelenak bizkaierak sortutako berrikuntza
dela dio.[3] Bestalde,
Etxabe eta Garmendiak Zaldibiako euskara liburuan, aurreago
aztertuko dugun –a+a: -ia gertaeraren ondorio dela adierazten
dute.[4]
- i > e / rr:
Hara zer zioen Koldo Mitxelenak honen inguruan: " ante r
más consonante hay apertura de i en e,
o por lo menos vacilación". <rr>
dardarkari azkarraren aurrean bokala ireki egiten da, honela
i bokala espero dugun lekuan e ageri da. (Ondorengo
hiru hitzetan beti gertatzen dela dirudi).
irten > erten
kirten > kerten
ama birjina > amaberjiña
b) Itxidurak:
- e > i / [+ txis]:
Txistukarien aurrean e > i bihurtzen da, batzuetan.
esegi > ixei
ezkutuan > ixkutun
Hala ere, ez da beti gertatzen hori: eskola, ezpata...
- o > u / [+sudur]:
Sudurkarien aurrean o, itxi egiten da eta u bihurtu:
Non > nun
nondik > nundi
hurrengo > urrengo > urrongo
> urrungo
Adibide honekin itxiduraren fase guztiak ager ditzakegu, hiru
aldaera aurkitu baititugu. Gertaera honi buruz honakoa dio K.
Mitxelenak:
"Aparte del
paso generalizado de o a u ante nasal, la acción
de una nasal implosiva se manifiesta en varios casos de cierre
de vocal o de reducción de diptongos" (FHV, 66. orria)
c) Asimilazioak:
Honela deitzen zaio fonema baten ahoskeran, inguruko fonema edo
hotsak eragindako aldaketari. Hona hemen zenbait adibide:
- a > e / (i, u):
Hurbileko asimilazioaren auzia:
Inguruko herrietan ezaguna den a>e / (i,u) bilakaera
, hurbileko asimilazioa ere deitzen zaiona, u eta i
bokal itxiek eragiten dute. Horietako bat amaieran duen hitza
ahoskatu ondoren, a bokala itxi eta e bihurtzen
da. Gertaera honek Urretxu eta Zumarragan, oro har, ez du indarrik;
ez da joera nagusia, beraz, i edo u bokalek ondoko
a bokala e bihurtzea. Kontuan hartu behar da inguruko
hizkeren joera, bertan hemen baino indar handiagoa baitu bilakaera
honek (Legazpi, Gabiria, Ezkio–Itsaso, Ormaiztegi, Azkoitia).
Hala ere, aipatzekoa da Zumarragan Matxain Behekoa baserriko
Ines Anduagarekin egindako saioan, asimilazio horren emaitzak
askoz ere ugariagoak izan direla. Legazpitik oso hurbil dagoela
izan liteke horren arrazoia.[5]Ikus
dezagun bada, zer gertatzen den gurean:
Hitz oina –i edo –u batez bukatzen denean:
Hitz oina u-z bukatzen denean joera nagusia a
gordetzekoa da tarteka b kontsonante epentetikoa agertzen
delarik (hiztun zaharrenen artean gehien bat), eta i-z
bukatzen bada iya: artaburua/ alua/ eskua/ guztiya/
dirua/ pixua/ txerriya/ musua/ narruba...
Hala ere zenbait salbuespen nabari dira:
perie/ kiñue/ kutxillue/ arpegie / txerrie/ ilberrie/ ikaagarrie
Egoera ez da aldatzen, halaber, u eta
i diptongo baten bigarren elementuak direnean:
Garaiya/ artzaiya/ gixauba/ enkargaua
EI diptongoa berria denean, jatorrizkoa ez denean, ez
da bilakaerarik gertatzen: keiya/ meiya/ ...
Hitz bukaeran " u, i + kontsonante + a" ingurunea
dugunean (nahiz a berezkoa izan edo mugatzailea izan) oso
kasu gutxitan gertatzen da bilakaera. Orokorrean a asimilatu
gabe gertatzen da, inguruko herrietan ez bezala (Legazpi, Gabiria):
Honakoa da joera nagusia:
launa/ mutilla/ euna/ sorgiñak/ aitzak/ gauza/ txukuna/
nitzan/ egurra/ saillak/
Hala ere, noizean behin honelako adibideak aurkitu ditugu:
fiñe/ bildurre/ nitzen/ genduken/ ezpaauke/ mille pesta[6]/
giñen/ eskumuñek/ pitxe...
Ikusten denez, adizkietan oso sarri gertatzen da, eta berriemaleek
bi formak erabiltzen dituzte:
giñen-giñan /dauzka-dauzke/ genduken-gendukan/
Hitz barneko a> e bilakaera ez da ohikoa, nahiz
eta salbuespenak ageri diren:
iketza/ ostiela/ bintzet/ ikixi jaso ditugu.
Azkenik, eta goian aipatu bezala, a > e bilakaera
nabari da izan eta eduki adizkietan, nahiz eta
erabatekoa ez izan. Ingurune honetan nabari da nahaste handiena:
nitzan-nitzen/ ezpaauke- dauzka/ zian–zien/ giñan–giñen/
isete san (izaten zen)...
Orreaga Ibarrak[7]
egiten duen sailkapena kontuan hartuz gero, orain artekoak asimilazio
aurrerakariak izango lirateke. Hala ere, eta Orreagaren hitzak
gogora ekarriz, badira asimilazio atzerakariak ere. Kasu
honetan, i edo u bokalak bere aurretik datorren
bokala puntu bat itxiko luke, hau da [+goi] ezaugarria ezarriko
lioke. Mota honetako asimilazioen adibide batzuk aurkitu ditugu
inguru honetan, nahiz eta, aurreko kasuan bezala, bikoteak agertu.
Bilakaera hau gehienbat adizkietan nabari da:
giñun-gendun-gindun/ ezteiñ-eztaiñ
Ondorengo hitzetako bilakaera argitzeko ere balio du: erremu
(erramu)/ Erretzu (Erratzu)/ bildur (beldur)/ erremilletea (erramiletea)
- i - u > u - u: Oraingo honetan, u
bokalak aurretik duen i bokala itxi eta u bihurtzen
du. Kasu batzuetan agertu da honakoa:
giltzurrun > guntzurrun
- o - u > u - u: Oraingoan berriz o
bokala asimilatzen du. Asimilazio kasu honen adibiderik garbiena
honako hau litzateke:
Elosu > Elusu
d) Disimilazioak:
Honela deitzen zaio asimilazioaren kontrako fenomenoari, hau
da, ezaugarri fonetiko bertsuak dituzten bi soinuen arteko desberdintasuna
areagotzeari. Hona hemen zenbait adibide:
- u - u > u - i: Ondorengo adibidean ikusten
denez, disimilazioaren eraginez, bigarren u bokala ireki
eta i bihurtzen da:
urrunean > urriñen
e) Bokal txandaketak:
Izenak dioen bezala, bokalak txandakatzeari deitzen zaio, eta
honelako aldaerak sortzen ditu gertaera honek:
- a / e:
amen - emen
daiket - deiket
f) Metatesia:
Hitz baten barneko fonemak lekuz aldatzeari deitzen zaio honela.
Jasotako testuetan gehienetan errepikaturik agertu dena honako
hau da:
Atera > eta
Oremahaia > eomaya/ eromaye[8]
Hurrengo > urrongo > orrungo
|
|