Irene Hurtadok Goierriko eta Tolosalde Hegoaldeko Hizkerak
lanean zera dio:
"Euskal
Herriko erdiguneko hizkeretan galdu da singularra eta plurala
bereizten dituen azentua; horrenbestez, Bizkaiko eta Gipuzkoako
hizkera batzuetan galduta dago. Baina, eremu horretan, gorde den
tokietan, pluralean singularrean baino ezkerrerago ezartzen da
azentua. [1]"
Aztergai diren herriotan ere egoera berdintsua aurkitu dugu, Hualdek[2]
bere lanean Beasainerako eskaintzen zuen eskema, oro har, betetzen
delakoan baikaude. Azentua aztertzerakoan aditza eta izena aztertu
ditugu, eta hona hemen emaitza:
Azterketa honetarako aditzaren forma ez pertsonalak hartu dira
kontuan. Multzo honetan aditzaren aspektua aztertu da, zehatzago
esanda aditzen aspektu perfektiboa, inperfektiboa eta geroaldikoa.
Aditz-oinak hiru silaba baino gutxiago dituenean hau da gertatzen
dena:
a) Aspektu perfektiboa [3]: eón, esán,
emán, konpóndu, etórri, ikúsi, ibíli, izán, ipíni, pasáu, pentxáu,
billáu, ertén, ezáutu, jasó, zorróztu...
b) Aspektu inperfektiboa [4]: éote (men)
tzan, ésaten jardun diot, émate zon, kónpontze zian, étortze zian,
íkuste zanen, íbiltze zian, ízete zan, ípinte diun, pásatzen da,
péntxatzen, bíllatzen bado, értetzen dio,sékatzen zien, zórrozten,
jásotze zien...
c) Aspektu geroaldikoa: eóngo die, esángo izue,
izángo en, artúko do, emángoizut...
Hala ere, aditz-oinaren silaba kopurua aldatuz gero, honako emaitzak
aterako ditugu:
d) Aspektu perfektiboa: errézau, arrápau, ezaútu,
eákutxi, apróbetxau, antzéman,...
e) Aspektu inperfektiboa: apróbetxatze genduzen,
antzématzen (ántzematzen), akórdatze (ákordatze), errézatze gendún
(érrezatze), eákusten, entrétenitzen, ...
f) Geroaldia: arrápauko, eákutxiko, apróbetxauko,....
Kasu honetan, Hualdek bere lanean egin zuen bezala, aditzak bi
taldetan bana ditzakegu. Adibide hauetan partizipio perfektiboan
eta geroaldikoan azentua bigarren silaban doa. Inperfektiboan, aldiz,
aldaketak nabari dira. Zenbait kasutan azentua lehen silabara mugitzen
da, hasieran ikusi dugun bezala (ikus b atala). Beste zenbaitetan,
erroaren silaba kopurua kontuan hartuz, azentua ez da lehen silabaraino
iristen (nahiz eta adibide batzuetan ailegatu). Beraz, Hualderen
hitzak aintzakotzat hartuz, aditz-oinaren silaba kopuruak zerikusia
izan lezake gertaera honetan. Aditz-oinak hiru silaba baino gutxiago
dituenean, aspektu inperfektiboan azentua lehen silaban ageri da.
Beste zenbaitetan azentua gune desberdinetan duten formak ikus
daitezke. Askotan elkarrizketatu berak bi formak erabiltzen ditu.
Adib:
éote men tzan/ eóte zan
ántzematzen/ antzématzen
érrezatze gendún/ errézatze gendún
éamaten/ eámaten
Agian gertaera hau azaltzeko baliagarri zaigu Iñaki Gamindek[5]
Euskaldunen azentuak liburuan dioena. Berak dioenez, Legazpin
aditzetan azentua ez da mugitzen. Ondorioz hiru herri hauen arteko
gertutasunak eragina izan lezake halako kasuetan. Gainera, inguru
honetako belaunaldi gazteek, oro har, ez dute azentua aurreratzen
aspektu inperfektiboan.
Beraz, /-tze/ atzizkiarekin dugun azentueraren eskema ondokoa litzateke:
[ ó] – tze
[ó o ] – tze / [o ó ] – tze (zenbait kasutan)
[ o ó o ] – tze
[ o ó o o ] – tze
Horrenbestez, Hualdek Beasainerako aurkeztu zuen eskemarekin bat
letorke orokorrean inguru honetako azentua, aditzari dagokionez
behintzat.
Izenen azentua aztertzerakoan honako sailkapena egin dut: oinarri
bisilabaduna duten izenak, oinarri hirusilabaduna dutenak, hiru
silaba baino gehiagoko oinarriak dituztenak, eta azkenik maileguak.
a) Oinarri bisilabaduna duten izenak:
- Singularra: astúa, egúrra, umía, larrén,
artúa, gauzéa, ardíya, garbíya, azpíya, artzáiya, iríya, azkéna,
basúa, bidía, zezéna, txakúrra moxála, iztárra, besúa, soúa,...
- Plurala: ástok, égurrak, úmek, lárrek,
ártok, gáuzak, árdik,gárbik, ázpik,ártzaiak, írik, ázkenak,
bások, bídek,zézenak, txákurrak, móxalak, íztarrak, bésok, sóok,...
b) Oinarri hirusilabadunak: (bokalez amaitzen direnak)
- Singularra: ganáua, errótia, arkúmia, aáriya,
ikúllua, basárriya, uztárriya, kipóla, izára, ...
- Plurala: gánauk, érrotak, árkumak,áarik, íkulluk,
básarrik, úztarrik, kípolak, ízarak,...
Kontsonantez amaitutako hitzetan ez da azentu
aldaketarik nabari: ezjákiñak, giltzédunak, biríbillak,
astélenetan, udáizkenak,
Adibide hauek garbi erakusten dutenez, azentua
aurreratu egiten da plurala adierazterakoan, azentu mota honi
[+1] azentuera deitzen dio Hualdek. Hala ere, zenbait hitzetan
azentuera berezia nabaritzen da: básarriya, bázkaiya, éuskera,..
c) Hiru silaba baino gehiagoko oinarriak:
- Singularra: gizónezko/ gizónezkua, emákumia,
errómeiya, errósaiyua,...
- Plurala: gizónezkok, emákumak, errómeitta,
errósaiok...
Adibide hauetan ikus daitekeenez, hiru silabatik gorako hitzetan
ez da azentu aldaketarik gertatzen. Hualdek Beasainerako aurkezten
zigun eredua ekartzen digu gogora honek, han ere egoera berbera
baita.
d) Maileguak:
Maileguekin hainbat joera ikus daitezke. Ondoren azalduko dudan
bezala, zenbait kasutan azentu aldaketak nabari dira, eta beste
zenbaitetan ez.
- Gaztelaniaz azentua lehen silaban kokatzen bada:
fábrika, prástiko, prátiko, púnta, síloa, pátanua, lánparia...
Adibide hauek argi adierazten dute, azentua gorde egiten
dela. JI Hualdek [6] bere lanean ere aipatzen
ditu mailegu zaharrak, inguru honetarako baliagarri direnak:
dénbora > témpora
dénda > ténda
páke > páce
árbolia > árbol
- Erdal hitzaren azentua bigarren silaban kokatzen
bada: bi joera ageri dira inguru honetan. Zenbait kasutan
azentua atzeratu egiten da, eta dirudienez joera nagusia hau
izango litzateke:
cuchara > kótxaria
cuchillo > kótxilloa
bombilla > bónbilla
linterna > línternia
- Gaztelaniaz azentua azken silaban kokatzen bada: azentudun
hitzaren oinarria hiru silaba edo gehiagokoa bada, azentua bigarren
silaban kokatzen da: teñáoria-tenédoria, telébixioa, estáziua,...
Hala ere, oinarria bisilabikoa denean, jatorrizko hitzak
duen leku berean gordetzen du maileguak ere azentua: kajóe,
balkóiya, ...
[1] Hurtado, I. Goierriko
eta Tolosalde Hegoaldeko Hizkerak, IX Gerriko ikerlan Sariketa.
(79. orr)
[2]
Hualde, J.I., 1997, Euskararen azentuerak, ASJU-ren gehigarriak
XLII, EHU eta Gipuzkoako Foru Aldundia, Bilbo - Donostia
[3] Aditzaren ekintza
burutu dela adierazten duena.
[4]
Aditzaren ekintza burutu gabe dagoela adierazten duena.
[5] Gaminde I, 1998,
Euskaldunen azentuerak, Labayru Ikastegia (136 – 137. orr)
|