Mingainluze egitasmoaren 9. edizioa ospatu da pasa den asteburuan Labeaga aretoan. Larunbat arratsaldez kanporaketa saioa jokatu zen eta igande arratsaldez, berriz, finala. Talde guztien artean Maibe izenekoa izan da indartsuena, Beñat Agirre, Manex Balenziaga eta Ibai Larreak osaturiko hirukotea, hain juxtu. Talde honek erregulartasun handia erakutsi zuen proba guztietan eta puntu dexente pilatu zituen bukaerarako. Nola kanporaketa saioa hala finala, zirraragarriak izan ziren haseratik bukaerara.
Larunbateko kanporaketa saioa jendetsua izan zen oso eta igandeko saiorako zortzi talde sailkatu ziren: Euskaldun taldea (Markel Urbizu, Manex Elorza, Txomin San Juan), Mingainmotz (Olaia Aramendi, Laida Agirrezabal, Araitz Lizarazu), BOOM (June Ausin, Eider Azarola, Eider Garcia), Gainzuritarrak (Eñaut Lete, Aitor Mendia, Unax Izagirre), Hiru puntuak (Jon Calzada, Malen Larrañaga, Iker Tome), Maibe (Beñat Agirre, Manex Balenziaga, Ibai Larrea), Otsoak (Ander Imaz, Ekain Rueda, Ibai Lopez) eta Fort Nite (Alex Carrillo, Enzo Fuentes, Nestor Arrieta). Horrela, Maibe taldearen atzetik, Euskaldun taldea (bigarren), Otsoak (hirugarren) eta 3 puntuak (laugarren) sailkatu ziren.
Aurten ere, harrera oso ona izan du lehiaketa honek; aurreko urteetako bideari segiz, lehen hezkuntzako bosgarren mailara mugatu da lehiaketa eta 23 taldek eman dute izena, hiruko taldetan banaturik. Hainbeste taldek parte hartzen dutela jakinda, kontuan hartu behar da ez dela batere erraza finalera iristea, eta are zailagoa irabaztea. Pozik egoteko moduan daude, beraz, igandean lehian aritu ziren taldeak.
Finalaren amaieran partehartzaile guztiek merienda eder bat izan zuten eta lehenengo lau sailkatuek sariak jaso zituzten Itziar Agirre eta Nerea Errasti Urretxu eta Zumarragako udal ordezkarien eskutik. Antolatzaileak hasi dira dagoeneko datorren urteko Mingainluze prestatzen, hamargarren edizioa beteko baitu lehiaketak datorren urtean. Bitartean, gaztetxoek urtebete daukate aurretik entrenatzen jarraitzeko. Saioaren amaieran antolatzaileak pozik ziren lehiaketak izandako erantzunarekin: “Mingainluzeren bederatzigarren edizioa izan da aurtengoa, eta arrakasta aldetik aurreko urteen ildotik joan da. Datozen urteetan ere antolatzen jarraituko dugula esango genuke”.