Urretxu ezagutu

Datu orokorrak

Urretxu Urola Garaian (Gipuzkoa), Irimo mendiaren magalean kokaturik dagoen udalerria da. 6.908 biztanle zituen 2015. urtean eta 7,9 km² ditu. Urola ibaiak banatzen ditu Urretxu eta Zumarraga.

Historia

Urretxu 1383. urtean sortu zen Juan I Gaztelako Erregeak emandako Hiri Gutunari esker, garai hartako segurtasun ezaren aurrean erregearen babesa hartuz. Hortik datorkio Villarreal de Urrechua izena. Aurrez lurralde horren toponimoa “Urretxu” zen eta 1979an Udalak berriro Urretxu izena hartu zuen udalerri honetarako.

Hasiera batean bi kale nagusi baldin bazituen ere, XVI. menderako guztiz garatua zegoen hirigunea, eta jendea inguru horietan pilatu zen. Kotxeen Errege Bideak garrantzi haundia izan zuen garapen horretan, izan ere Erresumako Hiriburua eta Frantzia arteko komunikabide nagusienak gure herria zeharkatzen baitzuen. Agiriek diotenez, jende ospetsu askok egin zuen geldialdia herri honetan.

XIX. mende erdi aldera Espainiako Iparraldeko Burnibidea eraiki zuten, inguruko eskualdeetako jendea eta merkantziak lotu zituen bidea. Mende horren amaieran sortu ziren lehen industriak, bereziki zumearena eta egurrarena, eta geroago burdingintza sartu zen bete-betean. Gaur egun industriari eta zerbitzuen arloari esker bizi da herria.