Hirigune historikoa

Iparragirre (Beheko kale edo Kale Nagusia) eta Jauregi (Goiko kale) kaleen zatiak hartzen ditu. Lehenengoan azpimarratzekoak ditugu Faktorekoa, Bikariokoa eta Galdosenea eraikinak, XVI. mende erdialdeko merkatari aberatsen edo erregearen funtzionarioen jauretxe estiloa.

Era berean, aipatzekoa da Korralgoa jauregia, XVII. mendekoa, Ipeñarrieta familia ospetsuarena, gaur egungo udaletxea.

Angeluzuzena zen, eta horrela antzeman oraindik ere parte zaharraren itxura ikusita, herriak aldaketak jasan baditu ere. Herrigunea bi kale paralelo hauek eratzen dute: Goikokale (gaur egun Jauregi kalea) eta Bekokale (gaur egun Iparragirre kalea). Erdian beste kale estuago bat dago, kantoia, hain zuzen ere, eta Kaletxiki izena du (ez dago fatxadarik bertara begira).

Antza denez, Goikokalea izan zen herriko kale nagusia, hasierako 200 urteetan. Gaur egun, ordea, Iparragirre kalea da garrantzitsuena. Jatorrizko "gezileihoak" (gaur egun "hobi" izenez ezagunagoa) ekialdeko eta mendebaldeko mugak markatzen zituen, gaur egun Etorbidea eta Kultur Etxearen atzealdea dauden lekuetan, hurrenez hurren.

Hegoaldeko parteak hainbat aldaketa jasan ditu, Zumarragarako komunikabiderik garrantzitsuenetako bat bihurtu baita. Errege Bidea igarotzen zen malda horretatik, gaur egun Areizaga eta Nekolalde kaleak diren tokitik, alegia. Garai hartan, Reten eta Arrabal izena zuten, hurrenez hurren, eta horrek adierazten du harresiz kanpoko auzo bat zegoela (errebala), alde zaharretik bereizita.

Goikokalen, berriz, etxe askok jatorrizko azalera edo orubea mantentzen dute; baina eraikuntza-arrastorik zaharrenak XVII. mendekoak direla dirudi, eta asko aldatu dira. Modu horretara, mantentzen diren eraikinetatik interes artistikorik handiena dutenak Bekokalen lerrokatuta daude, Goikokalen egon beharrean; izan ere, gaur egun Bekokale da Urretxuko komunikazioen ardatza. Hala, XVI. mendeko oinetxeak ikus ditzakegu bertan, denak altuera (beheko solairua eta bi solairu), material (harlanduzko harria) eta egitura xumea berberarekin eraikiak. Bi etxe mota ditugu, orubearen tamainaren arabera:

Orube gotiko estuan eta zaharrean eraikitako etxeak; adibidez, Bikariokoa (Iparragirre kalea, 14), Galdosenea (Iparragirre kalea, 22) eta Barrenetxea (Iparragirre kalea, 38). Baoen kokapenak eredu primitiboa gogorarazten digu: alboko atea, horren aldamenean leihoa eta dekorazio gutxi; hori guztia egurrezko hegalek edo harrizko irtengune ildaskatuek osatuta.

Orube erantsia duten etxeak, eraikin berria egiteko eremua zabaltzeko; besteak beste, Factorekoa izeneko etxea (Iparragirre kalea, 16) herriko eraikinik ederrenetako bat da. Jauregi bikaina izan zen garai batean; baina orain, fatxada bakarrik geratzen da, eta oso hondatuta dago, gainera. Sarrerako arku handia pilastra finen artean dago, eta, goiko pisuan, kolomatxo xelebreak ikus ditzakegu. Eraikinari azken ukitua emateko, berriz, harrizko hegala eta lehoi-antzeko gargolak ditugu. Barnealdea osorik berritu da, eta ziurrenik, gaur egun janari-denda dagoen lekuan, ezkaratz izugarria zegoen.