Euskararen erabileraren kale neurketa egin zuten udazkenean Urretxun eta Zumarragan, eta kezkatuta agertu dira bi udalak ariketaren emaitzarekin eta txostenaren ondorioekin.
Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketa lan honek bi helburu nagusi ditu, Urretxu-Zumarragako kaleetako hizkuntza erabileraren inguruko datu enpirikoak eskuratzea, batetik, eta hizkuntzen kale-erabileraren bilakaera ezagutzera ematea, bestetik.
Horretarako, ikerlariek kalean solasean ari ziren hiztunen jarduna behatu dute 80. hamarkadan sortutako behaketa sistema erabiliz. Ikerketa teknika horren bitartez, hiztunak behatzen dira, baina hiztunak behatuak izan direla ohartu gabe jasotzen da hizkuntza-praktikei buruzko informazioa; kalean dagoen pertsona bat edo gehiagoren arteko solasaldiari erreparatzen diote eta zein hizkuntzatan gertatu diren jaso (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza batean). Gainera, elkarrizketa horietan parte hartzen duten solaskideen ezaugarriak ere biltzen dira; betiere behaketa zuzen bidez eskuratu daitezkeenak, inori ezertxo ere galdetu gabe: sexu-generoa (emakumezkoa edo gizonezkoa) eta adina (haurrak, gazteak, heldu gazteak, heldu nagusiak eta adinekoak), alegia.
Gure herrien kasuan, neurketa horiek guztiak lau ibilbidetan egin dira:
- Bi herrietako erdiguneak
- Eitza auzoa, Zumarragan
- Leturia-Izazpi auzoak, Zumarragan
- Urretxuko Kaskoa
Esan bezala, datu bilketa udazkenean burutu zen, hilabetez aritu ziren elkarrizketak entzuten eta erabilera datuen konfiantza maila %95ekoa da, datu estatistiko sendoak jasotzen ditu, beraz, txostenak.
Lortutako emaitzak, ondorengoak, kezkagarriak benetan:
Orokorrean, herritarren %16,4k erabiltzen du euskara, azken 20 urteetako emaitzarik baxuena da. Izan ere, aurreko neurketan, 2017an, %22,3 aritzen zen euskaraz eta 2013an, berriz, %23,4. Aztertutako lau guneetara jotzen badugu, bi herrietako erdiguneak dira euskaldunenak, bertan behatutako elkarrizketen %27,1 euskaraz izan baitziren, Urretxuko kaskoan %20,5. Bestalde, Eitza auzoan %10,6 eta Leturia-Izazpin %7,8.
Hiztunen sexuari erreparatzen badiogu emakumezkoak gehiago aritzen dira euskaraz (%18,6) gizonezkoak baino (%14,2), baina ez dago alde nabarmenik.
Kezkagarrienak adinaren araberako taulak eskaintzen dituen datuak dira. Izan ere, euskaraz gutxien aritzen direnak 15-24 urte bitarteko gazteak dira; %5,4k baino ez du euskaraz egiten bere egunerokoan. Aurreko adin-tartean, aldiz, 2-14 urte bitartekoetan, portzentajea %24,2koa da eta hurrengoan, 25-44 urte bitartekoen artean %20,2koa.
Txostenak beste hainbat datu biltzen ditu, adin tarte ezberdineko pertsonen elkarrizketak haurren presentzia dagoenean erabiltzen den hizkuntza, nagusiak soilik daudenekoa, etab.
Denak, dokumentu honetan topatuko dituzue
URRETXU-ZUMARRAGA 2021 Hizkuntzen erabileraren kale-neurketa.pdf
Popular 2.74 MB 749 |
01/06/2022 15:46:06 |